Eusko Jaurlaritzak inoizko aurrekontu proiekturik handiena onartu du 2027rako
2027ko aurrekontu proiektua 17.629 milioi eurokoa izango da, aurtengoa baino % 7,6 handiagoa. Osasun (% 7,4 gehiago) eta Hezkuntza Sailek (% 13,3 gehiago) aurrekontu osoaren % 54 hartzen dute.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2027rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren Proiektua onartu du gaur, asteartearekin. Inoizko aurrekontu proiekturik handiena izango da, 17.629 milioi eurokoa, eta 2026an baino % 7,6 handiagoa. Jaurlaritzaren arabera, zerbitzu publikoak "indartzea" eta Euskadi etorkizunerako "prestatzea" dute helburu nagusi.
Osasuna (% 7,4 gehiago) eta Hezkuntza (% 13,3) dira zutabe nagusiak, bi sail horiek aurrekontu osoaren % 54 hartzen baitute.
Gainera, Jaurlaritzak 13.122 milioi euro bideratuko ditu herritarren ongizatera, eta 1.886 milioi euro mobilizatuko ditu, bereziki gazteei eta familiei zuzenduta, hazkuntza, kontziliazioa, emantzipazioa, hezkuntza, etxebizitza eta gizarte arreta laguntzeko politikak "indartzeko" asmoz.
Eusko Jaurlaritzak % 7,9 handitu ditu inbertsio publikora bideratutako baliabide propioak 1.865 milioi eurora iritsi arte. Pradales lehendakaria buru duen gobernuaren arabera, datozen urteetako erronka ekonomiko, sozial eta demografikoei bermez aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketak bultzatzea da helburua.
Aurrekontuak onartzeko epeak
Aurrekontu proiektua urriaren 28an erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean, eta sailburuak azaroaren 2tik 4ra agertuko dira batzordeen aurrean. Agerraldiak amaitu ondoren, koalizio gobernuak bilera-sorta bat hasiko du alderdiekin, oposizioaren babesak lortzeko asmoz. Dena den, EAJk eta PSE-EEk sostengatzen duten gobernuak gehiengo osoa dauka eta ez du inoren babesik behar kontuak aurrera ateratzeko. Jaurlaritzaren asmoa da Aurrekontuak abenduaren 21ean behin betiko onartzea.
Legebiltzarreko tramiteari begira, Noel D'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak erantzukizuna eskatu die alderdi politikoei zerbitzu publikoak hobetuko dituzten kontuen inguruko akordioak errazteko. "Interes orokorra gailentzea eta herritarrak kezkatzen dituzten lehentasunen inguruan elkarguneak aurkitzeko gai izatea espero dugu. Eusko Jaurlaritzak espiritu eraikitzailez, elkarrizketarako borondatez eta akordiorako jarreraz egingo dio aurre negoziazio horri, planteamendu taktiko edo alderdikoietatik urrunduta", adierazi du.