Alokairu berrien prezioa % 2,1 jaitsi da Euskadin, eta % 7,8 Donostian
Kontratu berrien hileko batez besteko errenta 867,4 eurokoa da, bi hiruhilekoz jarraian behera egin ondoren. Bilbon, aldiz, goranzko joerari eutsi diote prezioek, eta % 7,1 igo dira urtebetean.
Ohiko etxebizitzen alokairu libreko kontratu berrien errentak % 2,1 jaitsi dira Euskadin 2026ko lehen hiruhilekoan, eta hilean 867,4 euroan geratu dira. Bigarren hiruhilekoz jarraian egin dute behera; 2025eko hirugarren hiruhilekotik, % 2,5eko jaitsiera metatu da, hau da, hilean 22,3 euro gutxiago.
Hiru lurralde historikoetan egin dute behera errentek: % 2,8 Araban, % 2,4 Gipuzkoan eta % 1 Bizkaian, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.
Miguel de los Toyos Etxebizitzako sailburuordearen esanetan, azken urteetako igoera handien ondoren, datuek alokairu librearen merkatuan joera aldatzen ari dela iradokitzen dute. Hala ere, zuhurtziaz jokatu eta beherakadak finkatzen diren ikusi behar dela adierazi du.
Donostian, hiru hiruhilekoz jarraian beherantz
Donostian nabarmena da jaitsiera: hiru hiruhilekoz jarraian egin dute behera kontratu berrien errentek. 2025eko bigarren hiruhilekoan 1.189,4 eurokoak ziren hilean; 2026ko lehenengoan, berriz, 1.096,7 eurokoak. Guztira, % 7,8ko jaitsiera metatu da, hilean 92,7 eurokoa.
De los Toyosen arabera, ezohikoa da hiru hiruhilekoz jarraian beherakada izatea euskal hiriburuen artean, eta Donostiako estatistika-seriean ez dago horren aurrekaririk 2016an datuak biltzen hasi zirenetik.
Bilbon, ordea, kontrako joera izan dute prezioek: kontratu berrien hileko batez besteko errenta 1.006,2 eurokoa izan da, urtebete lehenago baino % 7,1 handiagoa. Gasteizen, aldiz, % 4,3 jaitsi da hiruhileko batean, eta 814,3 euroan geratu da.
Alokairuko etxebizitzen kopurua handitu da
Martxoaren 31n, ohiko etxebizitzen alokairu libreko 87.136 kontratu zeuden indarrean Euskadiko eraikin kolektiboetan, urtebete lehenago baino % 2,6 gehiago. Etxebizitza horien hileko batez besteko errenta 807,9 eurokoa da, kontratu berriena baino txikiagoa.
Sasoiko alokairuak, berriz, erregistratutako 92.113 etxebizitza-kontratuen % 3,6 dira; urtebete lehenago, % 3,4 ziren.
Datuak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren Alokairu Merkatuaren Estatistikatik (AME) datoz. Alokairuen erreferentzia-indizeak 2025eko urriaren 1etik aplikatzen dira Gipuzkoako eremu tentsionatuetan. Araban eta Bizkaian, berriz, 2026ko apirilaren 21ean hasi ziren aplikatzen, aztertutako hiruhilekoa amaitu ondoren. Hortaz, prezioen beherakadak ezin zaizkio automatikoki neurri bakar bati egotzi.