Giro aldakorra asteon
Gustu guztiak asetzeko moduko eguraldiarekin dator urriko hirugarren astea: giro argi eta freskoa hasteko; tenperatura epelagoak eta hodeitsu, gero, eta zaparradak astea amaitzeko. Horixe, labur esanda, Euskalmetek eta EITBko meteorologia zerbitzuak aste honetarako iragarri duten eguraldia.
Astelehenean, tenperaturen beherakada izango da nabarmenena. Hotz egingo du barnealdean, eta baliteke Araban lehen izotza egitea (Gasteizen 3 ºC-koak izango dira minimoak). Maximoek ere behera egingo dute, eta beroenak 15-16 gradukoak izango dira kostaldean, eta 11-13 ºC-koak barnealdean. Zeru gainak oso hodeitsu egongo dira lurraldearen ekialdean, eta zaparradak botako ditu. Mendebaldean, berriz, argiagoa izango da aroa eta ez da euririk espero.
Asteartean, ateri eutsiko dio denean. Erdi mailako hodeiak eta goi hodeiak izango dira, eta, beraz, zerua ez da urdin egongo. Tenperaturari dagokionez, gora egingo dute minimoek eta maximoek. Gasteizen kenduta, 5 ºC-tik gorakoak izango dira hotzenak eta 18-19 ºC harrapatuko dituzte epelenak kostaldean; 16 gradu inguru, berriz, barnealdean.
Asteazkenean, euritara joko du goizean goizetik, baina ez da aurreikusten litro asko pilatuko direnik. Isurialde atlantikoan egingo du gehien, kostaldetik gertu. Barnealdean, ostarte zabalak egongo dira. Tenperaturan ez da aldaketarik izango.
Ostegun eta ostirala aldakor aurreikusi ditu joerak, baina gerturatu ahala baieztatu beharko du iragarpenak. Printzipioz, ateri eta epel joango da osteguna, eta bustiago ostirala.