Aurreikuspena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eguraldi egonkorra izango dugu asteburuari ekiteko

Ostiralean eta larunbatean ostarteak izango ditugu eta tenperaturek gora egingo dute. Igandean euritara egingo du.

Izurza - Marivi Gonzalez de Audicana

Izurza. Argazkia: Marivi Gonzalez de Audicana

Tenperatura igoerarekin eta tarte eguzkitsuekin hasiko dugu asteburua. Ostirala giro hotzarekin eta lainoguneekin hasiko dugu, eta ez da baztertzen barnealdeko zenbait lekutan izotza egitea. Orduek aurrera egin ahala tenperaturak gora egingo du: maximoak 15-16 ºC ingurukoak izango dira kostaldetik gertu eta 11-13 ºC ingurukoak barnealdean. Goizean hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, eta hodeiak ugariagoak izango dira kostaldetik hurbil. Arratsaldean barnealdean tarte eguzkitsuak nagusituko dira. Haizea aldakor eta ahul ibiliko da, eta barnealdean hegoaldeko haizea nagusituko da.

Larunbatean giro lasaiarekin eta eguzkitsuarekin jarraituko dugu. Goiza erabat eguzkitsua izango da, eta hegoaldeko haizea ibiliko da. Arratsaldeak aurrera egin ahala erdi-mailako hodeiak eta goi-hodeiak agertzen joango dira, zerua lausotuta geratuko da arratsaldean, zurixka; gauean, berriz, estalita geratuko da. Tenperaturak gora egingo du.

Igandean zerua estalita egongo da eta euria egingo du. Fronte bat helduko da eta aldaketa ekarriko du. Hego/hego-mendebaldeko haizea ibiliko da hasieran, baina frontea iristearekin batera ipar-mendebaldera egingo du goizean. Ondorioz, hoztu eta euritara joko du. Euria batez ere ipar isurialdean egingo du, goizean eta eguerdi inguruan. Gainera, haize-bolada gogorrak izan daitezke, goizaldean hego-mendebaldeko haizearekin, eta eguerdi inguruan haizea ipar-mendebaldera aldatzearen unean.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X