Udazken giroa astebururako
Ostiraletik aurrera eguraldia erabat aldatuko da. Prezipitazioak izango ditugu eta tenperaturak behera egingo du.
Azken egunetan nagusi izan den udako giroa asteburu honetan amaituko da eta udazken giroa nagusituko da. Euria egingo du eta tenperaturak nabarmen egingo du behera.
Ostiralean giroa goibela eta freskoa izango da iparraldean. Zerua oso hodeitsu edo estalita egongo da, behe-hodeiekin, eta noizbehinka zaparradak egingo ditu, batez ere egunaren bigarren partean. Tenperatura maximoak asko jaitsiko dira eta 20 ºC inguruan egongo dira. Altuenak hegoaldean ere jaitsiko dira, baina jaitsiera txikiagoa izango da; Ebro ondoko eskualdeetan tenperaturak berdintsu jarraituko du. Hegoaldean hodeiak ugarituz joango dira eta arratsalde-gau partean euria egin dezake han-hemenka. Goizetik aurrera ipar-haizea ibiliko da.
Larunbatean zerua estalita egongo da, behe-hodeiekin, hego-ekialdean izan ezik; han noizbehinka ostarteak zabalduko dira. Kantauri isurialdean euria egingo du, baita Mediterraneo isurialdeko zenbait lekutan ere. Tenperaturak behera egingo du berriro, Ebro ondoko eskualdeetan nabarmen gainera; altuenak 15 eta 20 ºC artekoak izango dira orokorrean. Iparraldeko haizeak fresko-sentsazioa areagotu dezake bere abiadurarekin.
Igandean giro lasaiagoa izango dugu, baina baita freskoagoa ere. Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, batez ere eguerdi partean. Goizaldean, goizean goiz eta egunaren azken orduetan hodei gehiago izango dugu, eta ez da baztertzen noizbehinka zaparradaren bat botatzea. Tenperaturak jaisten jarraituko du eta maximoak 14-16 ºC ingurukoak izango dira. Ipar-ekialdeko haizea bizi-bizi ibiliko da, hotz sentsazioa areagotuz.