Alerta laranja
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik

Eguerditik aurrera, olatuen altuera 5 metrotik gorakoa ere izan daiteke, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-5 metroko olatuak altxatuko ditu. Ostiralean, oro har, eguraldi nahasiagoa izango dugu Euskal Herrian, batez ere kostaldean.

OLATU HANDIAK

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja ezarriko du ostiralean, urriaren 23an, 12:00etatik 21:00etara, itsasaldeko arriskuagatik, itsasoaren egoerak okerrera egingo duelako. Halaber, hainbat abisu hori egongo dira indarrean, arratsaldeko itsasgorarekin batera.

Euskalmeten arabera, ostiral honetan mendebal/hego-mendebaldeko haizeak gogor joko du; bolada gogorrekin haizeguneetan, batez ere kostaldean.

Goizean zehar, haizeak ipar-mendebaldera aldatuko du norabidea, eta ufada gogorrak izango dira orduan ere. Arratsalde-gau partean, ostera, pixkanaka indarra galduz joango da. Egoera horrek itsasoaren egoera nabarmen okertuko du.

Goizaldean, olatuen altuera handituz joango da, 3,5 metrotik gorakoa izan arte, eta 5 metro ingurukoa izango da eguerdi aldera. Ordutik aurrera, olatuen altuera 5 metrotik gorakoa ere izan daiteke, eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-5 metroko olatuak altxatuko ditu, 14-15 segundoko aldiekin. 

Eguraldi nahasia ostiralerako

Ostiralean, oro har, eguraldi nahasiagoa izango dugu Euskal Herrian, batez ere kostaldean. Goizaldean haizeak hegoaldetik joko du eta lehen orduak oso epelak izango dira, baina goizeko lehen orduetan fronte bat helduko da, haizeak mendebaldera egingo du eta bolada gogorrak ibiliko dira kostaldean.

Goizeko lehen orduetan euri pixka bat egin dezake, baina gainerako orduetan hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, eta barnealdean eguraldi lehorra egingo du. Kostaldean, hala ere, hodeiak ugariagoak izango dira eta noizbehinka zaparrada batzuk botako ditu, batez ere arratsalde erditik aurrera eta ipar-ekialdean. Tenperatura maximoak zertxobait jaitsiko dira eta minimoak egunaren amaieran neurtuko dira.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X