Abisu horia gaur arratsaldean ere euri-zaparrada handiengatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du gaur arratsaldeko 15:00etan, prezipitazio handiengatik, ordubetean metro koadroko 15 litro (l/m²) baino gehiago bota ditzakeelako.
Arratsaldeko hiruretatik aurrera eta gauerdira arte, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak trumoi-zaparrada ertainak botako dituela iragarri du. Abisua Bizkaian eta Gipuzkoan bakarrik egongo da indarrean, euriteak bereziki handiak izango direlako Kantauri isurialdean.
Atzo ere zaparrada handiak bota zituen: 31 l/m2ko Altzolan; 20,9 Arboledan; 20,4 Oletan; 19,9 Arteagan; 18,7 Larrainazubin eta 14,7 Aizarnazabalen. Gehien Gipuzkoa ipar-mendebaldean bota zuen.
Ostegunean euriak jarraitu egingo du, batez ere Kantauri isurialdean eta egunaren lehen partean. Arratsaldean eta gauean gutxiago botako du eta azken orduetan atertzera egingo du. Lurraldearen hegoaldean euri txikia egingo du goizean eta arratsaldean atertu eta ostarteak irekiko dira. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrak goizean kostaldean eta Ebro ibarrean. Tenperatura apur bat jaitsiko da eta udazkeneko balioetan mugituko da.
Ostiraletik aurrera zerua argitzen hasiko da, eta astebururako, eguzkia nagusitzea eta tenperaturak gora egitea espero da.