Azaroari ekiteko, negu giroa
Aste hasieran batez ere, hotz egingo du goizean eta gauean, eta udazkeneko lehen izotzak egingo ditu. Oro har, ez da euririk espero, zeru gainak guztiz garbi egongo ez badira ere.
Oraindik udazkenean egon arren, negu kontuak izango ditugu asteon, eguraldiari dagokionez bederen. Euskalmet eta EITBko meteorologia zerbitzuak iragarri dutenez, astea hotza izango da, eta, orokorrean, ateri eutsiko dio bost egunotan.
Astelehenean, lainotuta eta hodeitsu abiatuko da eguna, baina eguerdirako argitzera egingo du. Gauean behe-hodeiak agertuko dira berriro. Tenperaturek behera egingo dute apur bat. Hala, hotzenak 4 ºC-ren bueltan egongo dira barnealdean, eta 10 ºC inguruan, kostaldean. Epelenak 15 ºC ingurukoak izango dira.
Asteartea asteko egunik hotzena izango da. Gasteizen, esaterako, minimoak 2 ºC-koak izango dira; Iruñean, 4 ºC-koak, eta Bilbon, Donostian eta Baionan, 7-8 ºC ingurukoak. Maximoak 11 eta 14 ºC artekoak izango dira. Hodei ugari izango dira zeruan, batez ere mendebaldean. Horrenbestez, ez da baztertzen zirimiria egitea isurialde atlantikoan eta lurraldearen mendebaldean. Egunak aurrera egin ahala, atertzera egingo du, zeruak estalita jarraituko duen arren.
Asteazken gaua hotza izango da oso, eta izotza egingo du barnealdeko haranetan. Minimoak 1 ºC-koak izango dira barnealdean, eta 6 ºC-koak, kostaldean. Tenperatura maximoek, ordea, gorako bidea hartuko dute, eta epelenak 12-15 ºC-ren bueltan errendituko dira. Hodeitsu egongo da zerua, baina ez da euri konturik espero.
Joeraren arabera, ostegunetik aurrera, tenperaturak errekuperatzen hasiko dira, eta maximoak 14-16 ºC-koak izango dira. Zerua hodeitsu egongo da tarteka, bereziki egunaren lehen partean.
Ostiralerako ez da aldaketa nabarmenik espero.
Zure interesekoa izan daiteke
Asteburu lasaia datorkigu, giro eguzkitsu eta udazkeneko tenperaturekin
Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari
Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian
Alerta laranja ezarri dute ostiralerako nabigaziorako itsasaldeko arriskuagatik
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdera