IRAGARPENA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Giro argi eta epelarekin esango diogu agur urriari

Oro har, ateri eutsiko dio eta eguraldi egonkorra izango da nagusi, antizikloi baten eraginpean egongo baikara.

Udazkena
Markina-Xemein (Bizkaia)
Markina-Xemein, eguzkipean. Argazkia: Ricardo Barrutia

Eguzkipean eta tenperatura atseginek giroa gozatuta emango ditugu urriaren azken egunak, Euskalmetek eta EITBko zerbitzu meteorologikoak egindako iragarpenaren arabera. 

Astelehenean, eguzkia izango da nagusi zeruan, goizean goizeko behe-lainoak garbitu ostean. Fresko antzera abiatuko dute eguna barnealdean (5 ºC izango dituzte Gasteizen, eta 7 ºC, Iruñean), baina termometroek gorako bidea hartuko dute egunak aurrera egin ahala, eta 24-25 ºC inguruan errendituko dira maximoak. Gainera, haizeak hegotik joko du egunaren lehen partean,  arratsaldean ipar-ekialdekoa nagusituko da kostaldean, eta horrek epeltasun sentsazioa areagotuko du. Gernika-Lumon (Bizkaia) egun handia dute, Urriko Azken Astelehena, eta, iragarpenaren arabera, eguraldia lagun izango dute bisitariek. Goizean goiz fresko (10 ºC inguru) egingo duen arren, beroenak 23-24 ºC ingurukoak izango dira. 

Astearteak bi zati izango ditu. Goiza bezperakoaren antzekoa izango da: giro argia eta hego-haizea. Arratsaldean, ordea, fronte hotz bat sartuko da Bizkaiko Golkotik, eta hodeiak ugarituko dira isurialde atlantikoan. Hala, ez da baztertzen euri txikia egitea. Tenperatura maximoak astelehenean baino pare bat gradu beherago kokatuko dira: 22 ºC izango dira Bilbon, Donostian eta Baionan; 21 ºC , Gasteizen, eta 24 ºC, Iruñean. 

Asteazkenean, bezperaren kontrara: goiz hodeitsua eta arratsalde argia. Izan ere, astearteko frontearen hondarrekin jarraituko dugu egunaren lehen zatian, batez ere Isurialde atlantikoan. Eguerdirako, denean argituko du, eta eguzkia izango da jaun eta jabe. Tenperatura maximoek beste koska bat egingo dute behera, eta ez dute 20 ºC-ren langa gaindituko. 

Joeraren arabera, giro antiziklonikoarekin jarraituko dugu ostegunean, eta tenperaturek gora egingo dute. Ostirala ere antzera dator: eguzkitsu eta epel.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X