EGURALDIAREN IRAGARPENA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Giro nahasia ostiral honetan, asteburu lasai eta epel baten atarian

Haizea eta euria izan dira protagonista ostiral honetako lehen orduetan, eta egunean zehar giro goibelari eutsiko diogu. Asteburuan, berriz, aldaketa dator: giro hodeitsua baina tenperatura epelak espero dira eguerdian.

bermeo iturria Unai Urresti Castrillo
Bermeo. Iturria: Unai Urresti Castrillo

Ostiraleko goizaldeko euriaren eta haizetearen ostean, asteburuak aldaketa dakar eta bi egun lasai eskainiko dizkigu tenperatura epelekin, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren iragarpenaren arabera.

Ostiral honetan, eguraldia nahasiagoa izango da kostaldean. Frontea iristearekin goizaldean haizea mendebaldera aldatu da indartsu kostaldean, eta zonalde horretan ufada gogorrekin ibiliko da egun guztian. Goizean goiz fronteak zaparrada batzuk utzi ditu, batez ere ipar partean, baina goiz erditik aurrera barnealdean ateri egongo da eta hodeitza zulatuta egongo da, tarteka ostarte politak nagusituz. Kostaldean eta inguruan, berriz, eguraldia nahasiagoa izango da; hodeiguneak ugariagoak izango dira eta tarteka zaparradaren bat egin dezake, batez ere ipar-ekialdean. Arratsaldeko lehen orduetan tenperatura 15-17 ºC artean kokatuko da eta eguneko minimoak gauean neurtuko dira.

Gaur, abisu laranja indarrean dago itsasaldeko arriskuagatik, eguerditik aurrera 5 metrotik gorako olatuak espero baitira.

Asteburuan aldaketa dator. Larunbatean, giro lasaia, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Goizean goiz zerua hodeitsu egongo da Kantauri isurialdean eta baliteke zaparradaren bat egitea Gipuzkoa ipar-ekialdean eta Lapurdin. Gainerako orduetan, berriz, giroa argia izango da, saretuta iritsiko diren erdi mailako hodei eta goi-hodeiekin. Mendebaldeko haizeak indarra galduko du. Egunsentia hotza izango da, batez ere barnealdean, baina arratsalderako 17-19º artera igoko da tenperatura.

Igandean, giro atsegina eta tenperatura maximoak gorago; leku askotan tenperatura maximoak 20-22º artekoak izango dira. Egunsentiko behe-lainoa jaso ostean, eguzkitsu egongo da, batez ere hegoaldean. Kantauri isurialdera tarteka itsasotik hodei baxuak sartu litezke, zerua lainotuz; hodeitza horrek baliteke arratsaldean edo gauean ipar-ekialdeko lekuren batean euri-langarra uztea. Goizean haizea hegoaldetik ibiliko da eta arratsaldean mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X