Eguraldi aldakorra asteburuan: 20 ºC larunbatean eta haize boladak igandean
Ostiralean hodeiak ugariak izango dira. Lehen orduetan kostaldean zaparraren bat edo beste egin ondoren, giroa lasaiagoa izango da. Euria egingo du tarteka, baina euri txikia izango da orokorrean eta barnealdean eragingo du bereziki. Haizea aldakor ibiliko da: kostaldean eki/ipar-ekialdeko haizea ibiliko da, eta barnealdean hegoaldera egingo du haizeak. Tenperatura maximoak jaitsi egingo dira eta 14 eta 17 ºC artean geratuko dira.
Larunbatean hodei ugari izango dira barnealdean; kostaldean, aldiz, ostarteak zabal daitezke egunean zehar. Zaparradak botako ditu noizbehinka, batez ere egunaren bigarren partean eta barnealdean; kostaldean bustitzeko probabilitatea txikiagoa izango da. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, tarteka zakar, eta horrek Kantauri isurialdean tenperatura igoaraziko du, non 20 ºC-ra irits daitekeen. Arratsaldean haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du kostaldean.
Igandean hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da eta bolada oso gogorrekin ibiliko da haizeguneetan; arratsaldean haizeak mendebaldera egin eta indarra galduko du. Euri kontuak izango ditugu berriro, batez ere egunaren bigarren partean. Hegoaldean giroak apur bat egingo du freskatzera, baina iparraldean tenperatura ez da askorik aldatuko.