GERTAERA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Azpeitiko taxilariaren ustezko hiltzailearen bila ari da Ertzaintza, hainbat miaketa eta kontrolekin

Poliziak dispositibo zabala abiatu du Azpeitian eta inguruetan. Gizonaren autoa eta etxebizitza hainbat aldiz miatu ditu, baita Azpeitiako beste eraikin bat eta Azkoitiako etxebizitza bat ere. Ikerketarako baliagarriak izan daitezkeen datuak eta ingurukoen testigantzak jasotzen jarraitzen du.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Azpeitian 30 urteko taxilaria hil zuen pertsonaren bila jarraitzen du Ertzaintzak. Gaur goizean, dispositibo berezia ezarri du udalerri horretako Landeta industrialdearen inguruetan, atzoko krimena gertatu zen lekutik 300 metro eskasera. Ustezko hiltzaileak erabili zuen autoa han aurkitu dute goizean, Volkswagen markako Golf ibilgailu bat. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez, inguru horretan bizi da ihes egin zuen gizona, eta haren etxebizitza miatu dute goizean. Bigarren etxebizitza bat ere arakatu dute herrian bertan, eta Azkoitian, beste bat. Ertzaintzako eta Azpeitiko Udaltzaingoko sei patruilak hartu dute parte operatiboan, eta 15:00ak aldera amaitu dituzte lehen miaketak. 

Arratsaldean, ikerketa agenteak berriro sartu dira susmagarriaren etxean, frogak biltzera. Ertzaintzako iturriek azaldu dute inguruko bizilagunen lekukotzak biltzen ere ari direla. 

Hilketa 20:15ean gertatu zen, Artzubia etorbidean, zezen-plazatik eta Garmendipeko futbol-zelaitik gertu. Ikerketaren lehen datuen arabera, ustezko erasotzaileak biribilgune batean jo zuen taxia. Kolpearen ondoren, taxilaria ibilgailutik atera zen, eta orduan erasotzaileak hainbat aldiz tiro egin zion. Horietako batek buruan jo zuen biktima, eta lekuan bertan hil zen.

Bertaratutako osasun-zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin gizona salbatzeko.

Egileak ibilgailu gris batean ihes egin zuen

Tiro egin ondoren, ustezko egileak Volkswagen gris batean ihes egin zuen, lekukoen arabera. Batzuek bakarrik zihoala adierazi dute.

Ertzaintzak dispositibo zabala du tirokatzailea aurkitzeko eta krimenaren nondik norakoak argitzeko. Oraingoz, ez dute atxilotu.

Biktimaren senitartekoak eta gertukoak gertakarien lekura joan ziren atzo, eta tentsio handiko uneak izan ziren hilketaren berri izan ondoren.

Ikerketak irekita jarraitzen du, eta Ertzaintza, besteak beste, krimenaren zergatia eta biktimaren eta ustezko egilearen artean zer harreman dagoen zehazten saiatzen ari da.

Azpeitiko alkateak "zuhurtzia eta errespetua" eskatu ditu

Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak "zuhurtzia eta errespetua" eskatu ditu gertakarien aurrean, ikerketak aurrera egin dezan. X sare sozialean, Alkortak gogorarazi du ikerketa abian dagoela, eta Azpeitiko Udala lankidetzan aritzeko eta gertatutakoa argitzeko "erabat" prest dagoela nabarmendu du.

Era berean, alkateak "doluminak" eman dizkie hildakoaren senide zein lagunei, eta jakinarazi du Udalak baliabide psikologikoak jarri dituela haien eskura, "behar duten laguntza guztia izan dezaten".

Iragarkia
18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X