Bero itogarria Euskal Herrira itzuliko da
Asteazken honetan tenperaturek ez dute aldaketa handirik izan, baina ostegunetik nabarmen igoko dira: termometroak 30 ºC-tik gora kokatuko dira Bilbon, Gasteizen eta Iruñean.
Beroa izango da protagonista datozen egunotan Euskal Herriko kaleetan. Argazkia: Europa Press
Hainbat eguneko tenperatura-tregoaren ondoren, termometroek gora egingo dute berriro Euskal Herrian, asteak aurrera egin ahala. Asteazken lasaiak ostegun beroari bide emango dio, eta joera hori areagotu egingo da, ziurrenik, egunak igaro ahala.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren aurreikuspenen arabera, gaur (asteazkena) eguerditik aurrera, eguzkitsu egongo da. Goizean goiz behe-hodeiak nagusitu badiera ere, goizak aurrera egitearekin batera, hodeitza saretuz joan da eta arratsaldean eguzkitsu egongo da.
Ostegunean tenperatura maximoek nabarmen egingo dute gora, batez ere barnealdean, eta 30 ºC-tik gora geldituko dira. Kostaldean, eguerdian brisa altxatuko du eta balio apalagoetan geldituko dira termometroak. Arratsaldeak aurrera egin ahala, ipar haizea barnealderantz zabalduko da. Egunsentiko behe-lainoa desegin ostean, eguzkitsu egongo da, goi-hodei fin batzuekin.
Bestalde, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostiral goizean lanbroa eta lainoa agertuko dira. Zerua hodei gutxirekin edo oskarbi agertuko da; arratsalde-gauetik aurrera goi-hodeiak ugaritu egingo dira. Hego-osagaiko haize ahula ibiliko da, tarte bizi batzuekin. Arratsaldean ipar-mendebaldera egingo du, ahul baina tarte biziekin. Tenperatura gutxi edo nahikoa igoko da.
Zure interesekoa izan daiteke
Fronte hotz batek zaparradak eta tenperaturen beherakada ekarriko ditu, batez ere Kantauri isurialdean