Emakume baten hilketa artxibatu dute Zizurren, ikertutako gizonak narriadura kognitiboa duelako
Epailearen ebazpenaren arabera, ezintasun hori ikertutako gertakarien ondoren etorri zitzaion; gertakariok 78 urteko emaztearen hilketarekin lotuta daude.
Iruñeko Instantzia Auzitegiko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Ataleko 1. plazako titularrak artxibatu egin du 2025ean Zizur Nagusian (Nafarroa) 78 urteko emaztea hil omen zuen gizonaren gainean irekitako auzia. Magistratuaren arabera, akusatuaren "narriadura kognitibo itzulezin eta progresiboak" eragiten du haren "prozesurako eta epaiketan bere burua defendatzeko ezintasuna behin betikoa" izatea.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, epaileak ekainean hartu zuen erabaki hori, auzitegiko medikuaren txostena jaso ondoren. Dokumentu horretan ezartzen zenez, auzipetuak "ez du gaitasun prozesal nahikorik, eta ez dago bere aurkako prozesu penalaren irismena ulertzeko eta epaiketan deklaratzeko moduan. Narriadura kognitiboa atzeraezina eta progresiboa denez, prozesuan eta epaiketan bere burua defendatzeko duen ezintasuna behin betikoa da".
Horrenbestez, Fiskaltzak eskatu bezala, epaileak behin-behinean artxibatu du auzia, "ikertuaren prozesu-ezintasunak irauten duen bitartean".
Gertaeren ondoren sortu zen ezintasuna
Magistratuak Prozedura Kriminalaren Legearen 383. artikulua aipatzen du autoan. Artikulu horren arabera, "dementzia delitua egin ondoren gertatuko balitz, sumarioa amaituta, auzitegi eskudunak auzia artxibatzeko aginduko du, auzipetuak osasuna berreskuratu arte, eta, gainera, horri dagokionez, Zigor Kodeak egitatea dementzia-egoeran exekutatzen dutenentzat agintzen duena xedatuko da".
Epaileak azaldu duenez, ezintasuna gertaerak izan ondoren agertu zitzaion ikertuari, hau da, emaztearen hilketaren ondoren. Aurreko ebazpen batean jasotzen zenez, emakumea "lo zegoela, buruko bi traumatismoen ondorioz hil zen".
Auzipetua fidantzapean aske zegoen 2025eko azarotik, horretarako ezarritako 6.000 euroak ordaindu baitzituen. Hilketa epaimahaiaren prozeduraren bidez ari zen izapidetzen, azpikeria astungarri duen hilketa-delituaren ustezko egile izateagatik.