Sumarrek akordiorako tarterik ez du ikusten Jaurlaritzarekin, eta PPk Pradalesen "baikortasuna" kritikatu du
Gobernu Kontseiluaren ondorengo agerraldian, Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak esan du lehendakariak gaur abiatu duen bilera sortaren helburua "zarata eta gatazka antzuak sahiestea" eta "akordio zabalak lortzea" dela, "arreta benetan axola duten gaietan jarrita".
Imanol Pradales lehendakariak gaur eman dio hasiera alderdi politikoekin eta eragile sozio-ekonomikoekin aurreikusitako bilera-sortari. Aurreneko egun honetan, Jon Hernandez Sumarreko Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Javier de Andres EAEko PPko presidentea eseri dira lehendakariarekin.
Hitzorduokin, lehendakariak "entzute aktiboa" eta "adostasun zabalak" bilatu nahi dituela azaldu du Maria Ubarretxena Gasteizko gobernuaren eledunak, eguerdian egin duen agerraldian. Haren hitzetan, "euskal herritarrei benetan eragiten dieten gai nagusiei buruzko diagnostikoa" partekatuko da.
"Helburua da zarata eta gatazka antzuak sahiestea eta, batez ere, akordio zabalak lortzea nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde zikloak markatutako testuinguru honetan. Inoiz baino beharrezkoagoa da politika egiteko gure moduari leialak izatea", erantsi du.
Akordiotarako tarterik ez ikusten Sumarrek
Sumar izan da lehendakariarekin biltzen lehena, eta ondoren egin duen irakurketan, Jaurlaritzaren zein EAJren jarrerarekin kritiko agertu da. "PPren posizio ekonomiko, sozial eta fiskaletatik geroz eta gertuago daude", esan du.
Ohar batean, ezkerreko alderdiak zehaztu du "akordiotarrako tarte gutxi" ikusten duela Gasteizko gobernuarekin, eta nabarmendu du jeltzaleek "etengabeko" aurrez aurrekoak dituztela Sumarren esku dauden ministerioekin.
Pradalesen "baikortasuna" kritikatu du PPk
Bere aldetik, Alderdi Popularra oso kritiko agertu da lehendakariak, Jaurlaritzak eta EAJk duten "diskurtso baikorrarekin", EAEk segurtasunean, elkarbizitzan, hezkuntzan eta osasunean dituen "arazo garrantzitsuen" aurrean.
De Andresek argi utzi du ez dela Jaurlaritzarekin akordiotara batuko, eta nabarmendu du Euskadik egun duena baino "askatasun handiagoa" behar duela. Salatu duenez, EAJk, PSE-EEk edota EH Bilduk gobernatzen dituzten erakundeek "gizartea" baldintzatzen dute, haien "doktrinekin".
Bihar, PSE-EE, EH Bildu eta EAJ
Bihar, ateazkena, PSE-EEko (Eneko Andueza), EH Bilduko (Pello Otxandiano) eta EAJko (Joseba Diez Antxustegi) bozeramaileekin bilduko da Prdales. Vox da hitzordu horietarako deitu ez duen alderdi bakarra.
EH Bilduk gaur aurreratu du zazpi mugimendu eta akordio politiko bat proposatuko dizkiola lehendakariari biharko bileran. "Herri honek dituen erronka nagusiei erantzuteko eta adostasun zabalak sustatzeko helburuarekin egingo da proposamena", jakinarazi du Otxandianok, sarean zabaldutako bideo batean.
Esan duenez, "proiektu desberdinak" izan arren, "lankidetzarako espazioak badaude zenbait arlotan", eta "elkarlan hori ezinbestekoa da gaur egungo erronkei aurre egiteko". Erronken artean, besteak beste, "ultraeskuinaren gorakada, klima larrialdia, iraultza teknologikoa, gerrak eta migrazio krisia" aipatu ditu.
Alderdien ondoren, sindikatuen txanda izango da. UGT eta CCOO zentraletako arduradunekin (ostirala, 11), LABeko eta ELAko arduradunekin (astelehena, 14) eta, azkenik, Confebask patronaleko presidente Tamara Yaguerekin (asteartea, 15) ere bilduko da Pradales.
Lehendakariak berak iragarri zuen bilera erronda hori abuztuaren 28an, Gobernu Bilerak udako etenaldiaren ondoren egindako lehen bileraren ondoren. Pradalesek azaldu zuenez, bileretan egoera ekonomikoari eta autogobernuaren eguneratzeari heltzeko eta legegintzaldiaren bigarren erdiari "elkarrizketatik" ekiteko asmoa azaldu zuen.
Bileren ardatzak
Topaketak hiru lan-esparruren inguruan antolatuko dira. Lehenengoa egoera ekonomikoa eta hazkunderako eta enplegurako etorkizuneko aurreikuspenak izango dira. Aurreikuspen ekonomikoen eta inflazioaren bilakaera, Ormuzeko egoeraren aurrean hartutako neurriak, klima-aldaketaren eragina eta lehen sektoreari emandako babesa aztertuko dira. Arlo horretan, 2027rako Euskadiko Aurrekontuen proiektuari begira, lehendakariak jarraibide orokorrak partekatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin.
Bigarren eremua autogobernua izango da. Pradalesek legebiltzarreko taldeei helaraziko die Eusko Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarraren gehiengoaz haragoko akordioak lortzeko duen borondatea.
Era berean, Gernikako Estatutua osatzeko egiteke dauden transferentziei buruz Espainiako Gobernuarekin izandako negoziazioen egoerari buruzko informazioa emango du lehendakariak.
Hirugarren eremuan , industria, ekonomia, euskara eta etxebizitza bezalako arloak sartuko dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Hauteskundez beteriko kurtso politikoa hasi da