EITB DATA: OSASUN MENTALA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Psikiatriako kontsultak bikoiztu egin dira bost urtean

Euskadik 58.100 paziente zituen psikiatria kontsultetan 2019an. 2024an zenbakia ia bikoitza zen: 109.400. Aldi berean, osasun mentalarekin lotutako laneko bajak ere etengabe hazten ari dira, eta 16-25 urteko gazteen artean, esate baterako, sei aldiz handitu dira 2016tik.

Osasun mentalaren okerragotzearen eta kontzientziazio handiagoaren ondorioz, gero eta pertsona gehiago dira konponbide baten bila dabiltzanak eta profesional baten kontsultara joatea erabakitzen dutena. 

EITB Data azterlanaren datuek erakusten dutenez, Euskadin psikiatria kontsultetara joaten diren pertsonen kopurua goranzko bidean dator azken hamarkadetan. Hala ere, 2019tik 2024ra, salto handia nabaritu da: bikoiztu egin da bost urtean. 2019an 58.100 paziente artatu ziren, eta 2024an, berriz, 109.400. Covid-19aren pandemiaren ondoren gertatu da igoera nabarmen hori.

Profesionalen kontsultetara joateaz gainera, tarteka, sintoma horiek larriagotu eta ospitaleetan ingresatu beharra izaten da. Kasu horietan, depresioa izan ohi da arrazoi nagusia. Izan ere, osasun mentaleko ospitaleratzeen % 60 depresioaren ondorioz gertatu ohi da; estres larriaren (% 27) eta antsietate-nahasteen (% 13) oso gainetik.

Laneko bajak, goranzko bidean

Egoera psikologikotik eratorritako arazoek pazienteen egoera orokorrari eta lan egiteko gaitasunari eragiten diete. Osasun mentalaren okerragotzeak laneko bajen gorakada ekarri du; 2016tik goranzko bidean daude etengabe.

Hala ere, igoera hori ez da homogeneoa izan adin-talde guztien artean. Nabarmentzekoa da 16 eta 25 urte bitarteko gazteen artean sei aldiz biderkatu direla osasun mentaleko lan-bajak.

Arrakala ekonomikoak arreta gabe uzten du biztanleriaren zati bat

Hala ere, herritar guztiek ez dute aukerarik, ondoez psikologiko baten kasuan behar duten osasun-arreta jasotzeko. Txostenak zehazten duenez, Euskadin osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen % 4,4 geratzen da arrazoi ekonomikoengatik asistentzia jaso gabe, Estatuko batez bestekoa (% 4) baino zertxobait gehiago. Nafarroan, datu hori % 0,9 baino ez da, Estatuko erkidego guztietako kopururik txikiena.

Herritar gehiagok osasun mentalagatik arreta eskatzen badute ere,oztopo ekonomikoa arrisku-faktore erantsia bilakatu daiteke.

EITB Dataren analisiak ondorioztatu du igo egin dela osasun mentalaren narriaduraren sintomak tratatzeko profesional batengana jotzen duten pertsonen kopurua, nahiz eta gizartearen zati batek ez duen horretarako aukerarik arrazoi ekonomikoengatik.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X