Baso-sute bat piztu da Idiazabalen
Baso-sute bat piztu da gaur arratsaldean Idiazabalen (Gipuzkoa), Atxurbi eta Txara mendien inguruan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, 15:30 inguruan piztu da sua, eta eremu horretan zeuden abere guztiak bertatik atera dituzte. N-1 errepidearen Urtsuarango irteera ere itxi egin du, badaezpada.
Suak pinuak eta beste baso-espezie batzuk dituen mendi baxuko eremu bati eragin dio, eta kaltetutako gunean ez dago ez baserririk ez bizitegi-eremurik. Denera, 12,5 hektarea lur erre dira, orain arte.
Une honetan, hainbat suhiltzaile ari dira sua itzaltzeko lanetan, eta 19:00ak aldera lortu dute sua inguratzea, haizea baretu egin baita.
Gipuzkoa Foru Aldundiko iturrien arabera, sutea kontrolpean hartzea lortu dute.