Ormuzko itsasartean beste eremu mugatu bat ezarriko duela iragarri du Iranek
Teheranek ohartarazi duenez, bertatik bere baimenik gabe igarotzen diren ontziak zigortu egingo ditu. AEBk dioenaren kontrara, itsasartea erabat itxita dagoela azpimarratu du Iranek.
AEBeko ehiza-hegazkin bat Arabiako itsasoan, Ormuztik gertu. Artxiboko argazkia: Europa Press
Mohsen Rezaei Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak iragarri duenez, “datozen egunetan, debekatutako beste eremu bat” ezarriko du Ormuzko itsasartean. Esparru hori baimen gabe zeharkatzen duten ontziek zigorrak jasoko dituztela ere nabarmendu du.
AEBko hegazkinen blokeopean dagoen eremutik Pertsiar golkotik barrena hedatuko da esparru hori. Hala, are mugatuago egongo da joan-etorria, petrolioaren nazioarteko merkataritza are gehiago zailduz.
Rezaeiren hitzetan, itsasartea erabat itxita dago, eta “gezur borobila” da AEBk dioena (zabalik dagoena). “Zarratu baino lehen, 100 bat ontzik zeharkatzen zuen 100 milioi tona merkantzia garraiatzeko. Orain, gehienez zazpi-zortzi ontzi dabiltza, Iranentzako oinarrizko produktuak garraiatzeko”.
Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak salatu duenez, “ontzi batzuek eremua zeharkatu nahi dute, gure baimen barik, baina gehien-gehienak harrapatu egiten ditugu. Dena dela, ez dugu ontziok hondoratzeko asmorik, ingurumen arrazoiak tarteko”.
Azkenik, Omanekin hitzartutako ibilbideaz aritu da Rezaei, eta hori ere “datozen egunetan” zehaztuko dutela iragarri du. Abuztu amaieran akordioa lortu zuten bi herrialdeek, euren “subiranotasun eta eskubideak” bermatuko lituzkeen egitasmo bat ezarri asmoz.