ALEMANIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hauteskunde eguna dute Saxonia-Anhalten, ultraeskuina faborito dela

Hauteslekuak 08:00etan ireki dituzte, eta 1,7 milioi pertsona inguru daude botoa ematera deituta. AfDk bakarrik gobernatzea lortzen badu, "deportazioen eta migrazioaren kontrako erasoaldia" bezalako neurriak proposatu ditu.

TANGERMUENDE (Germany), 06/09/2026.- People enter a polling station in Tangermuende, Germany, 06 September 2026. Voters in Saxony-Anhalt are casting ballots to elect a new state parliament. (Elecciones, Alemania) EFE/EPA/CLEMENS BILAN

Hauteslekuak goizean goiz ireki dituzte Saxonia-Anhalten. Argazkia: EFE

Alemania ekialdeko Saxonia-Anhalteko eskualde-hauteskundeetan Alemaniarentzako Alternatiba (AfD) ultraeskuindarra da faboritoa. Azken inkestaren arabera, boto-asmoaren % 41 bereganatuko luke. Friedrich Merz kantzilerraren CDU alderdia 18 puntura egongo litzateke, % 23ko babesarekin; eta Ezkerra, SPD eta Berdeak atzetik geratuko lirateke.

Emaitza horrek ez lioke AfDri gehiengo osoa bermatuko, baina alde handiarekin bihurtuko luke alderdirik bozkatuena. Horrenbestez, gainerako alderdien erronka nagusia ultraeskuinak bakarrik gobernatzea eragoztea izango da. Aukera hori gerta liteke SPDk eta Berdeek % 5eko gutxieneko langa gainditzen ez badute eta, ondorioz, eskualdeko parlamentutik kanpo geratzen badira.

CDUk, gaur egun SPDrekin eta FDPrekin koalizioan gobernatzen duenak, ez du bere jarrera aldatu, eta AfDrekin ezta Ezkerrarekin hitzartzeko betoa mantentzen du. Ildo horretatik, kontserbadoreen, sozialdemokraten eta ekologisten arteko balizko koalizioak ere ez luke gehiengo osoa lortuko bere kabuz; beraz, gutxiengoan gobernatzeko, Ezkerraren babesa beharko luke, noizbehinkakoa bada ere.

Parte-hartzea, gakoa

Hauteslekuak 08:00etan ireki dituzte, eta 1,7 milioi pertsona inguru daude deituta botoa ematera 18:00ak arte. Parte-hartzeak eragin handia izango du etorkizuneko eskualde-parlamentua nola osatuko den zehazteko, baita alderdiek hauteskundeetako gutxieneko langa gainditzeko izango duten aukeran ere.

Beste ziurgabetasun faktore bat Sahra Wagenknecht Ituna (BSW) da. Izan ere, alderdi horrek ordezkaritza lortzeak are gehiago zaildu ditzake Gobernua osatzeko negoziazioak. Inkesten arabera, % 5 inguruko babesa lor dezake. Testuinguru horretan, BSWk baztertu egin du Sven Schulze egungo lehen ministroa berriro hautatzeko bidea erraztea; horrek orain arte estatuan ikusi gabeko eszenatokiak ekar ditzake.

Alemania, zain

Bakarrik gobernatzea lortuz gero, AfDk hainbat neurri ezarri nahi ditu, besteak beste, “deportazioen eta remigrazioaren aldeko erasoaldia”; jaiotzagatik ematen diren laguntza ekonomikoak gurasoen nazionalitatearekin lotzea (zehazki, pasaporte alemanarekin) eta LGBT banderak ikastetxe publikoetan debekatzea.

Saxonia-Anhalt 2,14 milioi biztanleko estatu federatua da, eta biztanle gehienak herri txikietan edo landa-eremuetan bizi dira. Alemaniako Parlamentuko Goi Ganberan 69 ordezkarietatik lau ditu, eta, ganbera horretan, 16 estatu federatuetako gobernuak daude ordezkatuta. Hala, Saxonia-Anhalteko hauteskundeen emaitza beste proba bat izango da Alemanian ultraeskuinak hautesleengan duen indarra aztertzeko.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X