Nepal, astebete geroago: 1.250 hildako eta 4.200 lagun baino gehiago agertu barik
Nepalgo agintariek ostegun honetan jakinarazi dutenez, duela astebete baino gehiago herrialdearen iparraldean, Txinako mugan, izandako uholdeetan 1.250 hildako baino gehiago zenbatu dituzte. Era berean, 4.200 pertsonak baino gehiagok agertu barik jarraitzen dutela adierazi dute.
Zehazki, Hondamendi Arriskua Murrizteko eta Kudeatzeko Agintaritza Nazionalak (NDRRMA, ingelesezko sigletan) eta Nepalgo Poliziak jakinarazi dute 1.252 gorpu aurkitu dituztela, horien artean 355 Chitwanen, bilaketa eta erreskate lanen epizentroetako bat.
Halaber, 4.216 pertsona desagertuta daudela kalkulatu dute; horien artean, 583 atzerritar daude, tartean bi espainiar, eta proiektu hidroelektrikoetan lanean ari ziren 900 langile inguru. Bestalde, 11.993 pertsona erreskatatu dituzte, tartean 273 atzerritar, eta 5.135ek arreta medikoa jaso dute.
Kopuru horiei Txinako lurraldean izandako 21 hildako eta 550 desagertu inguru gehitu behar zaizkie, horien artean 261 atzerritar, herrialde hartako agintarien arabera, baita Indian berreskuratutako hiru gorpu ere.
Odol-probak
NDRRMAren azken txostenaren arabera, 1.200 gorpuetatik 95 eman ahal izan zaizkie familiei.
Hori dela eta, Nepalgo Poliziak odol laginak eta DNA profilak eskatu dizkie ostegun honetan desagertutakoen senideei.
Edateko ura
Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak (UNICEF) ohartarazi duenez, gutxienez 22.000 umek behar dute edateko ura, saneamendua eta higiene-arloko laguntza, hornidura-sistemek kaltetutako barrutietan jasandako kalteen aurrean.
Alice Akunga UNICEFek Asiako herrialde horretan duen ordezkariaren arabera, familiek zailtasun handiak dituzte higienea bermatzeko eta, baldintza horietan, uraren bitartez transmititutako gaixotasunak harrapatzeko arriskua "azkar handitzen da".
Testuinguru horretan, UNICEFek 19.000 lagunentzako ur, saneamendu eta higiene hornidurak bidali ditu Rasuwara eta Nuwakotyra, baina uste du horrez gain kaltetutako saneamendu azpiegiturak konpondu eta berreraiki behar direla.
Lekukoen arabera “oroimenean dugun uholderik handiena” izan da. Izan ere, txostenen arabera, ibaiaren ohiko mailatik 15-18 metro goragoko ur-goraldia eragin zuen, eta asentamenduak suntsitu zituen Trishuli ibaiaren 72 kilometroko tarte batean.