Bizirik erreskatatu dituzte Nepalgo tunel batean harrapatuta geratu ziren bi langile, eta bizirik gehiago daudela esan dute
Uholdeak gertatu eta hamar egunera, bi gizonak tunelaren sarreratik 170 metrora aurkitu dituzte, erreskate taldeek barrutik zetozen ahotsak entzun ostean. Familien ustez, "miraria" izan da.
Bi langile bizirik erreskatatu dituzte ostiral honetan Trishuli 3A proiektu hidroelektrikoaren tunel batean, Nepalen uholdeak izan zirenetik hamar egun igaro direnean. Gainera, Raja Ram Basnet Nepalgo Armadako bozeramailearen arabera, pertsona gehiago daude bizirik.
Bizirik atera diren pertsonak Sanjay Sah mekanikarien burua eta Kabir Maharjan mekanikari ikuskatzailea dira, eta erreskate taldeak tunelean sartzea lortu ostean ebakuatu dituzte. Bitartean, lanean jarraitzen dute harrapatuta geratu diren beste langile batzuk erreskatatzeko.
Basneten arabera, bi gizonak tunelaren sarreratik 170 metrora aurkitu dituzte. Nepalgo taldeek barrutik zetozen ahotsak entzun zituzten, eta, ondorioz, erreskate lanak areagotu egin zituzten.
Ram Neupan diputatu eta operazioan parte hartzen ari den ingeniariaren hitzetan, erreskatatzaileek komunikazio labur bat egin zuten harrapatutako pertsonekin. "Ez izan beldurrik, lanean ari gara" oihukatu zuten erreskate lanetan ari ziren langileek, eta "ados" erantzun zuten barrukoek.
Maharjanen anaiaren esanetan, familiak oso pozik hartu du erreskatearen berri, eta "miraria" izan dela esan du.
Pertsona gehiago harrapatuta
Nepalgo Energia Ekoizleen Elkarte Independenteak bildutako lehen txostenen arabera, 42 langile geratu dira harrapatuta proiektuaren lurpeko zentralean.
Trishuli 3A proiektua Nuwakot barrutian dago, Katmanduko iparraldean, Trishuli ibaiaren korridorean, abuztuaren 26ko uholdeek gehien kolpatutako eremuetako batean.
Eskualdeko hainbat zentral hidroelektrikotan egiten ari dira bilaketa-operazioak azken egunotan; izan ere, ehunka langile desagertuta daude, eta horietako batzuk lokatzak eta hondakinek blokeatutako tuneletan harrapatuta egon daitezkeela uste dute.
Hondamendia gertatu eta hamargarren egunean Sah eta Maharjan bizirik aurkitu izanak pertsona gehiago bizirik aurkitzeko aukera zabaldu du.