Hadesen aurkitu zituen Ulisesek hildako ibiltariak
Iraila hasi berritan, Christopher Nolanen The Odyssey filmaren diru-bilketa 1.500 milioi dolarrekoa da. Ez ahaztu planeta osoko karteldegietan jarraitzen duenik. Ez ahaztu 250 milioi dolar kostatu den pelikula denik. Ez ahaztu munduko liburutegi askotako atzeko biltegi eta apaletan erdi ahazturik, hautsa pilatzen ari ziren Homeroren Odisearen kantuak biltzen zituzten liburu hamaika argitara, plazara, zumardi eta hiribideetan zabaldurik dauden liburu-denda moderno-modernoetako erakusleihoetara ekarri dituela Oppenheimerren autorearen atrebentzia azkenak, irakurle berri franko, makina bat ere erakarriz. Izan ere, % 76 areagotu da salmenta Esne Bideko planeta honetan. Harrigarriagoa, itzelagoa, suertatu da audioliburuetan izan den gehikuntza: % 500! Espektakularrak TikTok aplikazioaren barruko BookTok sailean, literaturari eskainia den horretan, lehertu diren zaleen eta interesatuen juntadizoak ere. Aztertzen, ikertzen, eztabaidatzen dira bertan Odiseak mahaigaineratzen, planteatzen dituen auzi, afera juzgu moral, politiko, amodiozko, gerrako, mitologiaren guztiak. Mitologia dela eta, sare sozialetan inoiz baino gehiago aipatzen, erabiltzen dira suelto eta aise Olinpoko jainko eta jainkosen izenak, baita jainkoen eta gizakien arteko amodio/sexu harremanetako fruituak diren erdijainko/jainkosenenak ere. Ninfenak. Odisearen hamalau kantuetan aurkitzen ditugun leku eta munstroenak. Errege eta erreginenak. Azti, profeta eta sorgintzaileenak. Kronos eta Rearen semea, Heraren senarra, zeruko fenomeno meteorologikoen jainkoa eta jainkoen patriarka eta buruzagia den Zeus, Ulises/Odiseoren lagunak urde bihurtuko dituen Zirze jainkosa, basa-populu fantastikoa diren ziklopeak, sei buru dituen Eszila itsas munstroa, Menelao akaiar gerlaria, Zeusen eta Ledaren Helena alaba, Troiako Paris printzearekin maitemindu eta ihes egin zuena, nahiz eta Menelaoren emaztea izan. Hori izan zen (egungo azterketa eta eztabaida feministak horren kontra gogor aritzen badira ere) Troiako gerra latzaren pizgarria…
The Odyssey filmak sorrarazitako eromen kultura bikaina bezain eroa da, greziera klasiko eta egungoaren ikastaroetan izena ematen duten ikasleen kopurua laukoiztu egin da. Antzinako Greziako kulturaren berri ematen duten entziklopediak berrargitaratu dira eta nabarmena da Grezian pelikulak eraginiko turismoa.
Gurean ere, antzeko zerbait geratu da. Iazko otsailean, Balea Zuria argitaletxe estimu handikoak kaleratutako Matias Mujikak neurritan euskarara ekarritako itzulpena literatura klub anitzetan hartu dute aztergai, disfrutagai ere. Izugarri erronka horrek izugarrizko balentria dotore, maila handikoa eragin du, Matiasena, jakina. Balentak, balentak oso testuaren berrikuspena egin zuten Gabriel Fraile euskal ikertzaile, lexikografo eta Euskaltzaindiko langilea eta Iruñean irakurle txoko bat bizirik mantentzen duen Juantxo Urdiroz ere. Ahaztu barik, ilustrazio ttipi eta biziki zainduak sortu dituen Rafael Cobo.
Euskara ederrean daude jarrita kanta horiek. Hona ekarriko dugu, zergatik ez? XI.a. 22 orrialdetan, Ulises eta lagunak Haraindira, Hadesen siratsetara, joaten dira, han Tiresias azti hilari Itakara itzultzeko jarraibideak eskatzera. Hilen itzalei dei egiteko errituala burutuko dute bertan. Ehortzi ez zituen gerra eta bidaide batzuek hilobi duina erreklamatzen diote Peneloperen senarrari… Filmari dagokionez, Islandian errodatu zuten, sumendi eta izotz artean. Beldurrezko zinemaren ezaugarriak hartzen ditu agudo pelikulak eszena horietan. Hain seinalatuak ezen gutako askori The Walking Dead saila etorri baitzitzaigun burura. Aintza eta Aintza Homerori, Nolani, Matiasi eta sorgindurik dauden (gauden) ikusle eta irakurle multzo bikain horri!
Zure interesekoa izan daiteke
Fantasiazko eta beldurrezko zinemak Donostia beteko du astebetez, urriaren 30etik aurrera
Paul Urkijo “Hiru olatuak” thriller psikologikoa filmatzen hasi da