BILERA SORTA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Pradalesek gehiengo sindikala hartuko du gaur, gutxieneko soldataren negoziazioa eta Osakidetzaren gatazka mahai gainean direla

11:00etan Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiarekin bilduko da, eta 12:30ean, Mikel Lakuntzarekin (ELA). Sindikatu abertzaleak Jaurlaritzarekin oso kritiko mintzatu dira, eta Confebasken menera aritzea leporatu diote.

VITORIA, 02/04/2025.- El lehendakari, Imanol Pradales (i), y el secretario general de cooordinacion y proyectos estratégicos del Gobierno Vasco, Mikel Iriondo (2i), se han reunido este miércoles con los secretarios generales de ELA y de LAB, Mikel Lakuntza y Garbiñe Aranburu, respectivamente, para hablar de un salario mínimo interprofesional vasco, entre otras cuestiones. EFE/ ADRIÁN RUIZ HIERRO
Bi sindikatuetako ordezkariek iazko apirilean lehendakariarekin egindako batzarra. Artxiboko argazkia: EFE

Imanol Pradales lehendakariak urte politikoari ekiteko alderdi politikoekin eta eragile sozialekin abiatutako bilera sortan hurrengoa du gaur. Gehiengo sindikala hartuko du Lehendakaritzan. Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusia izango da Pradalesekin batzen lehena (11:00); eta Mitxel Lakuntza ELAko buruarekin bilduko da ondoren (12:30). 

Udazken "beroa" aurreikusi dute bi sindikatu abertzaleek, besteak beste, lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) auzia, medikuen greba eta zerga erreforma baitaude mahai gainean. Bada beste gai arantzatsurik: Mikel Torres lehendakariordeak bultzatutako partaidetza instituzionalari eta elkarrizketa sozialari buruzko lege proiektua. Bi sindikatuek oso estu hartu dute Lan eta Enplegu sailburua, eta aurreproiektuak negoziazio mahaietara joaten ez diren sindikatuak "zigortu" beste asmorik ez duela salatu dute. 

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak iragarri du "politika publikoen orientazioa aldatzea" eskatuko diola lehendakariari, baita sektore publikoan irekitako gatazkak konpontzeko "inplikazioa" ere. Gutxieneko soldatari dagokionez, negoziazio mahaian jesartzeko Confebaski presioa egiteko eskatuko dio, beste behin. Halaber, euskara, etxebizitza eta industria alorreko proposamen zehatzak eramango dituela nabarmendu du. 

Garbiñe Aranburuk (LAB) aitortu du "itxaropen askorik gabe" joango dela batzarrera. Horren ustez, lehendakariak "kale" egin du langileen aldeko politikak garatzen, eta LGSaren negoziazio antzua jarri du adibide gisa. "Hilabeteak daramatzagu Mikel Torres lehendakariordearekin bildu nahian, eta ez digute hitzordurik ematen", salatu du. Osakidetzako lan gatazka ere hizpide izango duela iragarri du. 

Sindikatuen ordezkariekin izan ostean, Tamara Yagüe Confebaskeko presidentea hartuko du lehendakariak asteartean. Orduan bukatuko da bilera sorta.  

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X