Inoizko mahats bilketarik goiztiarrena egin dute Arabako Errioxan, klima aldaketak eraginda
Tenperatura altuak izan dira eta ez du ia euririk egin. Horren ondorioz, apenas egon da onddoek eragindako gaixotasunik, eta mahatsaren kalitatea "bikaina" da. Ifrentzuan, baldintza meteorologikoek alkohol graduazioa igoarazi dute; "upategian konpentsatu beharko dute hori", azaldu dute.
Agintariak eta Pepe Viyuela aktore eta pregoilaria, aurtengo brindisean. Argazkia: Europa Press
DOC (Jatorri Izendapen Kontrolatua) deituraren 100 urteko historian, inoiz egin den mahats bilketarik goiztiarrena egin dute Arabako Errioxan, klima aldaketak eraginda. Bizpahiru aste aurreratu da uzta, azken 25 urteetako batezbestekoarekin alderatuta.
Hala azaldu du Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak Arabako Errioxako Mahats Bilketaren XXXI. Jaian. Kripanen egin dute aurten ospakizuna.
Beroak eta euri faltak heltze prozesua bizkortu dute, baina osasun egoerari ere lagundu diote, "ezohiko mahatsa" bildu baitute (ez da ia onddoek eragindako gaixotasunik izan). Orain arte, Arabako Errioxak 40 milioi kilo mahats jaso ditu. Baldintza meteorologiko horiek heltzea azkartu dute (alkohol graduazio handiagoa du mahatsak). Egoera hori "upategian konpentsatu beharko dute", Barredoren hitzetan.
Hala ere, baikor mintzatu da sailburua, eta "kanpaina ona" izango dela aurreratu du.
Mahastia klima aldaketara egokitu behar
Sektorea egoera berri horretara moldatzen hasia dela esan du sailburuak. Landaredian esku hartze txikiagoa egiten ari da, eta mahats sortak eguzkiaren zuzeneko esposiziotik gehiago babesten.
“Jada ezin dugu aldaketa hau unean uneko egoeratzat hartu. Mahats bilketaren aurrerapenak eta erregistratzen ari garen tenperaturek etorkizuneko ikuspegiarekin lan egitera behartzen gaituzte. Ikerketa, gure mahasti-ondarearen kontserbazioa eta sektoreari ezagutzaren transferentzia funtsezko tresnak dira Arabako Errioxak egokitzen jarrai dezan, kalitatea eta balio erantsia galdu gabe”, adierazi du Barredok.
Horren erakusle da, sailburuaren hitzetan, NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak mahastia egokitzera bideratutako ikerketa bat duela zabalik, eta beste programa bat dagoela Arabako Errioxan antzinako mahats-barietateak eta biotipo bereziak berreskuratu eta kontserbatzeko.
Ekoizpenak eta esportazioek behera
Gaur egun ardo gutxiago ekoizten dute Arabako Errioxako upategiek, kontsumoak ere behera egin duelako. Azken bi kanpainetan produkzioa % 13 jaitsi da.
Esportazioei dagokienez, 2026ko lehen seihilekoan % 3,5 jaitsi dira, herrialde batzuetan izandako beherakadagatik gehienbat: % 35,7 jaitsi dira Danimarkan, % 27 Kanadan, % 18,9 Irlandan, % 12,3 Norvegian eta % 8,4 Suitzan.
Beste muturrean dago Taiwan, % 158 handitu baititu esportazioak, Txinari aurrea hartuta, eta beste herrialde batzuetara egindako esportazioek ere gora egin dute: % 13,3 hazi dira Belgikara egindako esportazioak, % 9,6 Suediara egindakoak, % 7,9 Japoniara bidalitakoak eta % 20,8 Hego Koreara zuzendutakoak.