Justizia Anderrentzat plataformak gezurretan aritzea leporatu die Santurtziko Udalari eta poliziari
Justizia Anderrentzat plataformak manifestazioa deitu du urriaren 3rako Ander S. T.-ren heriotzaren kasuan justizia eskatzeko, eta atxiloketaren uneko bideo bat aurkeztu du, gazte santurtziarra poliziaren indarkeriak hil zuela frogatzeko erabiliko omen dutena.
Justizia Anderrentzat plataformak salatu du gezurra dela Santurtziko Udalak eta polizia sindikatuek Anderren heriotzaren inguruan emandako bertsioa, eta hori frogatuko duela prozesu judizialean, besteak beste, gaur zabaldu duen bideoaren bitartez.
Bideoan gizonezko gaztea ikus daiteke hiru poliziak lurrean geldirik dutela, ondoren beste polizia bat hurbildu eta taser pistola erabiltzen duela Anderren aurka. Justizia Anderrentzat plataformak erantzukizun politiko eta polizialak argitzeko eskatu du, Ander polizia indarkeriaren biktimatzat aitor dadila, eta inplikatutako poliziak kargutik ken ditzatela.
Oraindik, baina behin betiko autopsiaren emaitzaren zain daude, eta auzia instrukzio fasean dago.
Ekainaren 22an Santurtzin atxilotu eta bi egunera hil zen Ander S. T. 29 urteko gaztea. Santurtziko udaltzainek taser pistola batekin mendean hartu eta gero, ospitalean hil zen, koman egon ondoren.