EHUk urte akademikoa abiatu du, AAren arriskuez jakitun eta "eredu propioa" aldarrikatuz
Joxerramon Bengoetxea errektoreak azpimarratu du auzia ez dela adimen artifiziala "deabrutzea, harekiko erabateko mendekotasuna" saihestea baizik. Finantzaketari dagokionez, Juan Antonio Perez Iglesias sailburuak uste du "egingarria" dela bost urteko epean finantzazioa Europako mailara iristea.
Ezkerretik eskuinera, Bengoetxea, Tejeria eta Iglesias, irekiera ekitaldian. Argazkia: EFE
Graduko 8.859 ikasle berrirekin, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) 2026-27 ikasturteari ekin dio gaur. Unibertsitate plan berriak eta unibertsitateen lege berriaren proiektuak markatuko duten urte akademikoa. Lehenaren garrantzia nabarmendu du Joxerramon Bengoetxea errektoreak, " unibertsitate-eredu propioa eratzeko "balio behar duelako. Bi elementu horiei, adimen artifizialaren arriskuei buruzko eztabaida gehitu zaie aurten, unibertsitatean duen eragina tarteko.
Bengoetxea bera buru, Gasteizko EHUren Campusean egin dute goizean ikasturtearen hasierako ekitaldian. Errektoreak lagun izan ditu Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea. Aurten, eta lehen aldiz, Imanol Pradales lehendakaria ez da ekitaldian egon (aurrerantzean, txandakatuz joango da EHU, Mondragon Unibertsitatea eta Deustuko Unibertsitatearen ekitaldietan).
Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den Unibertsitate Legea hizpide, Bengoetxeak esan du espero duela “EHUk duen lidergoa proiektatzeko eta unibertsitate publiko gisa izan behar duen berezitasuna aitortzeko” balio izatea. Helburu horrekin, azpimarratu du "ahalegin pertsonal guztiak eta esfortzu kooperatibo guztiak" beharrezkoak izango direla, baina "ezinbestekoa" dela EHUk finantzaketa nahikoa izatea, "erabat mendeko izango baikara bestela", ohartarazi du.
"Ez dugu AA deabrutu nahi, harekiko erabateko mendekotasuna baizik"
Bestalde, adimen artifizialak eta berau garatzen ari diren korporazioek duten eraginaz ohartarazi du Bengoetxeak. "Ez dugu IA deabrutu nahi, haren erabateko mendekotasuna baizik. Hezkuntzan, oro har, eta unibertsitateko irakaskuntzan duen eragina izugarria baita, eta bere aukerak aztertzen jakin behar dugu, eremu guztietan, baina epistemologikoki ez esklabizatzeko, ezagutza guztia berari eman gabe”, zehaztu du.
Bengoetxearen arabera, EHUk "prest egon" beharko du, "arlo guztietan", adimen artifizialaren erronkei aurre egiteko.
Antzeko adierazpenak egin ditu Ignacio Perez Iglesias sailburuak ere. Ohartarazi duenez, "oraindik ez gara ondo jabetzen" AAren bilakaerak izango dituen ondorioez. "Seguruenik diziplina zientifiko askok ez dute etorkizunean inongo zentzurik izango", aitortu du. Perez Iglesiasen aburuz, "ahalik eta ondoen prestatuta egon behar dugu ikuspuntu teknologikotik, etikotik eta intelektualetik".
Finantzaketa, gako
2027-2030 Unibertsitate Planaz eta Unibertsitate Legearen aurreproiektuaz mintzatu da ondoren sailburua. Finantziazioari dagokionez, Perez Iglesiasek azaldu du aurreproiektua unibertsitaterako zuzkidura Europar Batasuneko herrialdeen batez bestekoarekin pixkanaka parekatzea duela helburu. "Egingarria da helburua", erantsi du. Horren ildoan, jakinarazi du 2026an ikasle bakoitzeko 12.000 euro bideratu dituztela. "Ez dut uste gainerako unibertsitate publikoetan halakorik egiten denik", azpimarratu du.
Hain justu, finantziazio horrekin kritiko azaldu da EHUren intersindikala. Ordezkaritza duten sindikatu guztiek elkarretaratzea egin dute fakultate atarian, eta EHUren" azpifinantzaketa" eta Unibertsitate Lege proiektua kritikatu dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat espetxeratuko dute Iruñean, bikotekide ohiari sexu-erasoa eta mehatxuak egitea egotzita
Polizia manifestarien aurka oldartu da eta bost lagun atxilotu dituzte Madrilen, hezkuntza grebaren lehen egunean
Martxoaren 3ko biktimen erreparaziorako bidea ireki du Arabako Fiskaltzak
Pablo Ibarren auziko epaileak baztertu egin du lekuko berri batek deklaratzea