2026-2027 IKASTURTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lanbide Heziketak ia 8.000 plaza gehiagorekin ekin dio ikasturteari, bi gradu bikoitz berrirekin

Ia 75.000 plaza eskaini dira eta oraingoz 51.000 ikasle pasatxok eman dute izena (matrikulatzeko epea urriaren 16ra arte egongo da zabalik). Ikasturte hasierako ekitaldian lehendakariak azpimarratu duenez, egungo LHa "Txapeldunen Ligan" dago eta hezkuntza sistema hobetzeko "ardura partekatua, autokritika eta autoestima" eskatu ditu. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Gaur zortzi unibertsitatez kanpoko ikastetxeek egin bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lanbide Heziketak (LH) gaur ekin dio 2026-2027 ikasturteari. Aurreko ikasturtean baino 7.920 plaza gehiago eskainita (74.963, orotara), 51.785 ikaslek eman dute izena eskaintzen diren bost graduetan (A, B, C, D eta E) baina kopuru horrek gora egitea espero dute, 55.000raino, matrikulazio epea urriaren 16ra arte egongo baita zabalik. Aurtengo ikasturtean, lehen aldiz, bi gradu bikoitz jarriko dira abian. 

Gasteizko Mendizabala LHIIn egin dute goizean ikasturte berriaren irekiera ofiziala. Imanol Pradales lehendakaria buru, ondoan izan ditu Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua, Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordea eta Unai Otxoa de Aspuru ikastetxeko zuzendaria.

Lehendakariak nabarmendu duenez, EAEko Lanbide Heziketak bikaera nabarmena izan du, "duela hamarkada batzuk hura iraultzeari ekin genionetik". Horren ustez, gaur egun  "Txapeldunen Ligaren parekoa" da Euskadin. 

PISA txostenaren emaitza kaskarrak zuzenean aipatu ez dituen arren, Pradalesek esan du hezkuntza sistemaren emaitzak hobetzeko "ardura partekatua, autokritika eta autoestima" behar direla. Horrez gain, ikasleei eskatu die "diru erraza eskaintzen duten influencerrei kasurik ez" egiteko, eta Lanbide Heziketan "toki onean" daudela gogorarazi die. 

Lanbide Heziketa, zenbakitan

Eskaini diren ia 75.000 plaza horietatik gehienak goi-mailako zikoetakoak dira, eta % 69 sare publikoan biltzen dira.

Bizkaian daude ikasle gehien, ia 24.000; Gipuzkoa da bigarren (19.500 kasik), eta 7.371 ikasle Araban. Matrikulazioek hiru lurraldeetan egin dute gora, aurreko ikasturtean baino % 3,6 gehiago.

Emakumeen presentziak ere  gora egiten jarraitzen du. Gaur egun, ikasleen % 35,75 dira (% 0,5eko hazkundea, aurreko ikasturtearekiko). Jaurlaritzaren helburua da andrazkoak industria zikloetan sartzea da, eta hor ere, gora egin dute emakumezkoen izen emateek: % 12,49tik % 12,85era igaro dira. Gogora ekarri behar da, ikasturte honetan, lehen aldiz, plazen erdiak erreserbatu direla eurentzat.

Hizkuntza ereduari dagokionez, D ereduak % 7,62 egin du gora, eta ingelesa hizkuntza gehigarri gisa sartzen duten zikloak, berriz, % 14,9 igo dira. Egun, 947 ikasle daude ziklo eleaniztunetan matrikulatuta.

Bi gradu bikoitz berri

Nobedade gisa, ikasturte honetan bi gradu bikoitz eskainiko dituzte: Sukaldaritza Zuzendaritzako eta Sukaldaritza Zerbitzuen Zuzendaritzako titulua (goi mailakoa, Galdakaoko Ostalaritza LHIIn) eta Instalazio Elektriko eta Automatikoak eta Telekomunikazio Instalazioen titulua (Iurretako LHIIn). Biek hiru ikasturteko iraupena izango dute. 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X