Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du Bernedoko udalekuen auzian ikertutako 15 kiderentzat
Bernedoko udalekuen inguruko ikerketari lotuta, Abogados Cristianos fundazioak—auzian herri-akusazio gisa ari den elkarteak—jakinarazi du hiru urte arteko espetxe-zigorra eskatuko duela ikertutako 15 pertsonen aurka, exhibizionismo eta adingabeen derrigortze delituak leporatuta. Gasteizko 3. Instrukzio Epaitegia gaur ari da deklarazioa hartzen 15 ikertuei, eta horren harira egin du iragarpena erakundeak.
Bien bitartean, Euskal Udalekuetako kideek jakinarazi dute gaurko deklarazioen zein prozesuaren berri ez dutela emango, adingabeen eskubideak babestu nahi dituztela argudiatuta. Euskal Udalekuak elkartearen esanetan, "joan den irailean hasi zen zurrunbilo mediatiko eta judiziala proiektuarentzat, dutxa mistoen harira sortutako kexek bultzatuta". Geroztik, salaketa horiek bi bide zabaldu dituztela adierazi dute: administratiboa eta penala. Administratiboari dagokionez, ekainaren 4an irmoa egin zen "zigorraren desproportzionaltasuna" ikusita, ekainaren 25ean, epaileak bertan behera utzi zuen Sarrearen inhabilitazioa.
Bide penala gurasoen zein hainbat elkarteren eta eragile politikoren (Vox, Abogados Cristianos eta Hazte Oír) salaketek ireki dute. Euskal Udalekuetako kideek adierazi dute ez dutela prozesuaren berri izan irailera arte, eta haiek direla informazioa izateko "lehen interesatuak", neurriak hartu ahal izateko.
Abiapuntua iazko udan 17 familiak egindako salaketak dira; horien arabera, monitoreek 13 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak modu mistoan dutxatzera "behartu" egiten zituzten. Hasieratik, Euskal Udalekuetako hezitzaile eta arduradunek irmo ukatu dituzte sexu-eraso edo abusu delituei lotutako akusazioak.