Arabako Aldundiak Sarrea elkartea zigortu du eta baimena ukatu dio horren ordez Bernedoko udalekua antolatu nahi zuen Dorrekoa elkarteari
9.000 euroko isuna ezarri dio Sarrea elkarteari, bai eta 3 urtez dirulaguntza publikorik jasotzeko dekua eta 3 urtez adin txikikoekin aisialdiko jarduerak antolatu edo egiteko inhabilitazioa ere. Sarrearen ordez udalekua antolatu nahi zuen Dorrekoa Kultur Elkarteari atzera bota dio baimen eskaera, Sarrearen inhabilitazioa saihesteko entitate instrumental gisa funtzionatzea leporatuta, lege-iruzurra litzatekeelako.
Arabako Foru Aldundiak debekatu egin du Bernedoko udalekuak egitea, eta 9.000 euroko isuna ezarri dio Sarrea Kultur Elkartea erakunde antolatzaileari. Sarreak, gainera, ezingo du 3 urteko epean haur eta gazteentzako aisialdiko jarduerarik antolatu, eta epe horretan ezingo du laguntza publikorik jaso.
Ana del Val Kultura eta Kirol diputatu eta Gazteria arloko arduradunak agerraldia egin du gaur Arabako Batzar Nagusietan, foru erakundeak egindako administrazio prozesuaren amaieran, "zigor irmoa" dena ezagutzera emateko.
Del Valek jakinarazi duenez, espedientea amaitu ondoren, Foru Erakundeak pertsonazio-idazkia aurkeztu du kasu honen aurretiazko eginbideak egiten ari diren Instrukzioko 3. Epaitegian.
Abiapuntua iazko udan 17 familiak egindako salaketak dira, exhibizionismo-jokabideak, laidoak, hertsapenak, sexu-probokazioak, osotasun moralaren aurkako jokabideak eta sexu-erasoak salatu baitzituzten; parte-hartzaile batzuek kontatu zuten neska-mutilak dutxak partekatzera behartzen zituztela, eta begiraleak ere bertan dutxatzen zirela, haurrekin batera.
Halaber, foru diputatuak argitu duenez, Aldundiak ez du utziko uda honetan "beste elkarte instrumental batek" udaleku horiek egitea. Ildo horretan, Dorrekoa Kultur Elkarteak udalekuak egitea eskatu duela azaldu du, baina "bildutako zantzuen arabera, komunikazioa aurkezten duen erakundeak ez du hirugarren independente gisa jokatzen, aldez aurretik zigortutako jarduerari lotutako erakunde gisa baizik".
Horren hitzetan, Dorrekoak eta Sarreak komunikazio eta antolakuntza sare bera dute, baita egoitza bera ere. Bi elkarteak, finean, Euskal Udalekuak sarearen parte eta, beraz, antolakuntza beraren parte lirateke.
Hori dela eta, argudiaturik Dorrekoa "erakunde instrumental gisa arituko litzatekeela, inhabilitazioa jaso duen jarduera bati jarraipena emateko asmoz", Foru Erakundeak ebatzi du elkarte horrek "aurkeztutako jardueraren aurretiazko jakinarazpenarena baliogabe" deklaratzea, "zigortutako elkarteari lotutako pertsona juridiko baten erabileraren bidez, ustezko lege-iruzur posiblea" ikusten delako, "Sarrea Euskal Udalekuaren inhabilitazioa saihesteko helburuarekin".
Del Valek gaineratu duenez, Sarrea elkarteak Bernedoko administrazio batzarrarekin udalekuetako eraikinaren inguruan duen kontratuak espreski debekatzen du eraikina beste edonori azpialokatzea edo uztea.
Horregatik, adierazi du "ezinezkoa" dela jarduera egitea, 39/2015 Legearen 69.4 artikuluaren arabera, zeinak ezartzen baitu "komunikazio batean funtsezko zehaztugabetasun, faltsutasun edo omisio orok" bertan eskatutako jarduera egitea eragozten duela, hutsune horren berri izaten den momentutik.
Horren harira, Dorrekoa elkarteari ohartarazi dio "jakinarazpen baliozkorik gabe edo administrazio-ebazpenen aurka" jarduerak egiteak zehapen-erantzukizunak eragin ditzakeela, eta, hala badagokio, "ixteko edo utzarazteko" neurriak har daitezkeela, segurtasun juridikoa eta babesa bermatzeko.
Azpierrentamendua debekatuta, kontratuz
Foru diputatuak garatu duenez, Dorrekoak ez dauka "gaitzen duen titulu juridikorik", eta Bernedoko Administrazio Batzarraren jabetzako diren instalazioaren "erabilera eskubidearen esklusibotasuna" du Sarrea Euskal Udalekuak, alokairu kontratu baten bidez, 2030era arte indarrean dagoena. Kontratu horren arabera, "azpierrentamendua espresuki debekatuta" dago, eta, beraz, Dorrekoak ezin du eskuratu edo erregularizatu kontratu horrek espresuki debekatzen dion erabilera eskubide bat.
Del Valek ildo horretan azaldu duenez, "gerora etor litezkeen bidegabekeria juridikoen aurrean, eta horri irtenbide bat emate aldera, Gazteriaren Foru Erakundeak laguntza juridikoa eskaini dio Administrazio Batzordeari kontratua baliogabetzeko".
Era berean, proposatu dio lokala Gazteriaren Foru Erakundeari lagatzeko prozesu bat hastea, irailetik aurrera, espazio horretan Gazteriaren Foru Erakundearen jarduerak garatzeko.
"Adingabearen interes gorenaren defentsa"
Foru diputatuak argi utzi du bere departamentuak "bere gain" hartzen duela ebazpen administratiboa, eta ohartarazi duenez, "ez du iritzi poitikoekin zerikusirik".
Del Valen hitzetan, bere saila Ertzaintzarekin harremanetan dago, debekuaren ondoren uztailaren 1etik aurrera gerta daitekeen "edozein gatazka saihesteko". "Amets txar honetatik esnatu nahi dugu, zeinetan arduraz eta gardentasunez jokatu dugun, adingabearen interes gorena defendatzeko", esan du.
Uda honi begira ziurtatu du lurraldeko erakunde pribatuek antolatutako kanpamentu guztiei (40 inguru) aplikatzen zaiela kasu honen berri izan ondoren onartutako araudia. Gainera, gogorarazi duenez, baimendutako udaleku guztien zerrenda bilduko duen kanal bat matxan jartzeko azken lanetan ari dira, familiek kontsultatu ahal izan dezaten.
Horren haritik, familiei gogorarazi die garrantzitsua dela kanpalekuak baimenduta dauden "egiaztatzea", eta irregulartasunak hautemanez gero, horien berri ematea. Era berean, bere babesa eta errespetua helarazi dizkie kaltetutako familiei.
Euskal Udalekuen mezua familiei
Euskal Udalekuak elkarteak mezua bidali die udaldia Bernedoko udalekuetan igarotzeko eskaera egin duten 200 familiei, eta azaldu die "abokatuarekin lanean" ari direla haur eta familientzako "aukera eta alternatiba egokienak diseinatzeko". Arabako Foru Aldundiak debekua ezarri eta Instagram sare sozialean elkarteak duen profilean beste mezu bat partekatu du, "triste eta kezkatuta" daudela esanez eta salatuz "legezko betekizun guztiak bete arren" ukatu diotela Dorrekoa elkarteari udalekuak antolatzeko aukera.
Zure interesekoa izan daiteke
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.
Azpeitiko hilketaren ustezko egilea atxilotu dute Ondarroan
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, gaur goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Kontrolpean hartu dute Urzainkiko baso-sutea, abuztuaren 14an piztu eta astelehenean bizitu ondoren
Ostiral gauean brigada batek bertan jarraituko du, zaintza-lanak egiten. Joan den asteartean, itzaltze-lanek sutea perimetratzea ahalbidetu zuten, eta, horri esker, su-gune beroen gainean jardun ahal izan zuten. Ordutik, egoerak hobera egin du.