Pradalesek estatutu berrirako bere bide-orria defendatu du, oposizioak ekintzak eskatu dituen bitartean
Autogobernua berritzeko prozesuaren gidaritzan, bere esku dago guztia emango duela agindu du lehendakariak, eta alderdiei eta eragileei aurrerapausoa ematea eskatu die. Politika Orokorreko Eztabaia 19:00etan amaitu da, taldeen kontra-erreplikekin
Hauteskunde aurreko giroa sumatu bada ere, lasai eta aparteko ika-mikarik gabe egin da Politika Orokorreko Eztabaida gaur Eusko Legebiltzarrean. Imanol Pradales lehendakariak EAEk dituen erronka nagusiei aurre egiteko bere bide-orria defendatu du, estatutu berria erdigunean jarrita. Oposizioak, bitartean, desafioen aurrean ekintza zehatzak eskatu dizkio.
Lehendakariak eman dio hasiera eztabaidari, goizean. Erronka nagusiak zeintzuk diren azaldu ondoren, itun politiko berriaren negoziazioan jarri du azpimarra, akordio zabalen bidez "gure autogobernuan jauzi kualitatiboa emateko".
Ildo horretan, dei egin die alderdi politikoei, erakundeei eta hezkuntza, gizarte eta ekonomia alorreko eragileei aurrerapauso bat eman dezaten, eta agindu du bere esku dagoen guztia egingo duela.
Lehendakariak bost "herri konpromiso" ezarri ditu legegintzaldiaren bigarren zatirako: klima aldaketa, adimen artifiziala, lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua, hezkuntza eta ongizate integrala.
Hezkuntzari dagokionez, PISA txostenaren emaitza txarrak onartu ditu, eta ikasleen irakurtzeko gaitasuna hobetzeko, estrategia digitala berrikusiko dela iragarri du. "Ez dira Euskadirako nahi ditugunak. Eta ezin ditugu onartu. Gobernu honek aurpegia eman egingo du. Gure erantzukizuna gure gain hartzea dagokigu. Autokritika nahitaezkoa da hobetzeko. Hala ere, erronka horrek guztiok parte hartzea eskatzen du: Gobernua, gizartea eta, bereziki, hezkuntza-komunitatea", esan du.
Arratsaldeko saioan, taldeei egindako errepliken txandan, Gasteizko gobernuburua EH Bilduri zuzendu zaio, Jose Antonio Agirreren legatua "osorik bere egin" eta ETAren indarkeria "gaur arratsaldean bertan" gaitzetsi dezala eskatzeko
Modu horretan, lehendakariak ezker abertzaleko koalizioari egotzi dio azken hilabeteotan Agirreren legatuari hainbatetan erreferentzia egitea, haren diskurtsoa osorik babestu gabe.
Espainiara begira, PP eta Voxen balizko gobernu batekin garai "ilunak" etor litezkeela ere adierazi du, eta horren aurrean, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio eskualdatzeke dauden eskumenak behingoz sinatu ditzala.
Legealdia Sanchezi "bostekoa emanda" amaitu nahiko lukeela esan du, adostutako guztia beteta.
Taldeen txanda
Taldeen txandan, Joseba Diez Antxustegi EAJren bozeramaileak Eusko Legebiltzarrean irmo babestu du Pradalesen kudeaketa, eta, estatutu berriaren negoziazioan, "leialtasuna" eta "diskrezioa" eskatu dizkie EH Bilduri eta PSE-EEri.
Haren hitzetan, "ezinbestekoa" da estatus berria adostea, Euskadik egun mahai gainean dituen erronkei erantzuteko. "Izan al gaitezke arduratsuak eta negoziatzen ari garen hiru tradizio politikook bete al dezakegu adostu duguna?", galdetu du.
Bere aldetik, EH Bildu bat etorri da lehendakariak egin duen diagnostikoarekin, baina kritiko mintzatu da kudeaketari dagokionez. Hitzetatik ekintzetara igarotzeko ordua dela iritzi dio Pello Otxandiano ezker abertzaleko koalizioak Legebiltzarrean duen eledunak.
Eskuin muturraren gorakada egiazko mehatxua dela ohartarazi du, eta aro aldaketa baten aurrean gaudela ziur agertu da. Adimen Artifizialaren mehatxua ere hor kokatu du. "Mehatxu autoritarioaren aurrean, elkarguneak bilatzeko eta Agirreren ondarea praktikan jartzeko prest gaude. Euskaldunok erreferentzia komunak behar ditugulako, ez ezberdintasunetan tematzea", azaldu du.
Bitartean, Eneko Andueza PSE-EEko buruak esan du estatutu berriak Konstituzioaren barruan kabitu beharko duela, "edo ez da izango".
Aitortu du bere alderdiak desadostasunak dituela EAJrekin, baina argi utzi du bi alderdien arteko lankidetza formulak "egonkortasuna" eman diola Euskadiri eta bide horretan jarraituko dutela lanean. "Euskadik ez du zaratarik eta diagnostikorik behar, erabakiak baizik", adierazi du.
Javier de Andres Euskadiko PPko presidentea, berriz, oso kritiko agertu da lehendakariarekin, eta kudeaketa "okerra" egitea egotzi dio. "Arrakasta ez da autogobernu gehiago izatea, ondo kudeatzea baizik".
Buruzagi popularrak uste du "denbora gehiegi" daramala Pradalesek "eraldaketarako promesak" egiten.
Sumarretik, Jon Hernandez legebiltzarkideak salatu du Eusko Jaurlaritza "eskuinerantz" doala gai sozialetan.
Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak esan du Pradales aroa "benetako porrota" izan dela Euskadientzat. Zerbitzu publikoak "hondatzea" eta euskal herritarrak "pobretzea" egotzi dizkio.
Kriminalitatea areagotu egin dela eta hezkuntzako emaitzak gainbehera doazeala ere esan du.