Lehendakariak bost "herri konpromiso" aurkeztu ditu legegintzaldiaren bigarren zatirako
Pradalesek azpimarratu du arreta berezia jarriko duela klima aldaketan, AAn, enpleguan, hezkuntzan eta ongizatean.
Imanol Pradales lehendakariak bost "herri-konpromiso" nagusi ezarri ditu Eusko Jaurlaritzaren jardueraren ardatz gisa: klima aldaketa, adimen artifiziala, lehiakortasuna eta kalitatezko enplegua, hezkuntza eta ongizate integrala.
Pradalesek esan du arlo horiek erantzun zabalak eskatzen dituztela, eta datozen urteetarako inbertsio, plan eta akordio berriak iragarri ditu. "Ez gara datorrena kudeatzera mugatuko. Euskadirako ahalik eta etorkizunik onena eraiki nahi dugu", adierazi du.
Klima aldaketa
Iragarri duen lehen konpromisoa klima aldaketaren arlokoa da. Tenperaturaren gorakadaren aurrean, prebentzioa eta egokitzapena uztartu behar direla azpimarratu du. "Datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten", adierazi du Pradalesek, 2025a "oso urte beroa" izan zela eta bero boladek gora egin dutela gogorarazi aurretik. Eusko Jaurlaritzak 430 milioi euro bideratu ditu hainbat egokitzapen jardueratara, baina lehendakariaren ustez "ez da nahikoa", eta 340 milioi euroko inbertsioa iragarri du.
Planak barne hartuko ditu klimatizazio sistema eraginkor eta jasangarriak etxe eta eraikin publikoetarako, sorkuntza berriztagarriko ekipamenduen bidez, eta erosotasun termikoko jarduerak ikastetxeetan, ospitaleetan eta osasun zentroetan. Alerta goiztiarreko sistemak eta uholdeei aurre egiteko azpiegiturak ere indartuko dira aurrekontu horrekin. Lehen sektoreak klima aldaketara egokitzeko berariazko plan bat izango du, eta 50 milioi euroko hasierako partida bat izango duen larrialdi-funts bat jasoko du.
Adimen artifiziala
Bigarren konpromisoa adimen artifizialari dagokio. Lehendakariak esan du iraultza bat bizitzen ari dela arlo horretan, eta zaila dela aurrea hartzea: "Teknologia disruptiboak dira. Aldaketa sakonak eta azkarrak sortzen ari dira", adierazi du.
Ziurgabetasun horren aurrean, Gobernuak adimen artifizialerako herri estrategia bat bultzatuko du, adituekin eta gizarte-eragileekin lankidetzan. "Adimen artifizialaren aurrean, lehenik eta behin herri adimena jarri behar dugu", laburbildu du.
Lehiakortasuna eta enplegua
Hirugarren konpromisoa lehiakortasunari eta kalitatezko enpleguari buruzkoa da. Pradalesek azaldu duenez, "aberastasuna sortzea da herri aurreratu eta justu bat eraikitzeko gakoa", "aberastasunik gabe ez baitago ez ongizaterik, ez kohesio sozialik, ez arrakala sozialak gainditzeko aukerarik".
Arlo horretan, enpresak eta sindikatuak gehiago inplika daitezela eskatu du, eta Gobernuak absentismoari buruzko lanaren emaitzak aurkeztuko dituela iragarri du, ondoren elkarrizketa sozialaren bidez "herri akordio bat" bilatzeko.
Lanbidearteko gutxieneko soldatan aurrera egitearen alde ere mintzatu da, eta gazteengan jarri du arreta, enpresei "baldintza eta ibilbide profesional erakargarriak" eskain ditzaten eskatzeko.
Hezkuntza
Hezkuntza jarri du laugarren konpromiso gisa, eta lehendakariak autokritika egin du. "Lehentasuna hezkuntza-sistemaren emaitzak hobetzea da", azpimarratu du, orain arte hartutako neurriekin aurreikusitako helburuak ez dituztela lortu aitortu aurretik. "PISA txostenaren emaitzak txarrak dira, aringarririk gabe. Ez dira Euskadirako nahi ditugunak. Eta ezin ditugu onartu", nabarmendu du. Jaurlaritzak "aurpegia eman" duela eta "dagokion erantzukizuna bere gain" hartzen duela adierazi du.
Hori horrela, aurrerantzean Jaurlaritzak bereziki indartu nahi omen ditu irakurtzeko eta matematikarako gaitasuna, ikasleen jarraipena areagotu nahi du, eta hezkuntza etapa guztietan egunero irakurtzen dela bermatu.
Ongizate integrala
Bosgarren eta azken konpromisoa ongizate integralarena izan da. Lehendakariak, ikuspegi materialetik edo sanitariotik ez ezik, esan du emozionaletik eta komunitariotik ere ulertzen duela. "Ongizatea da gure helburua, ondo bizi ahal izateko", azaldu du Pradalesek. Konpromiso hori hiru eremu handiren inguruan egituratu da: osasuna eta ongizate emozionala, pantailak eta familiak.
Halaber, bizikidetza positiboko eta ingurune seguruko esparru berri bat onartuko da bullyingari, jazarpenari eta ziberjazarpenari aurre egiteko.
Pantailen erabilera
Pantailak eta sare sozialak erabiltzeko haur eta gazteen ohiturak hobetzeko estrategia espezifikoa garatuko du Jaurlaritzak. Pradalesek arauak, hezkuntza eta familiaren erantzukizuna uztartzen dituen ikuspegia defendatu du, eta Eusko Jaurlaritza arlo horretako Europako gomendioei atxikiko zaiela iragarri du. Euskadik lurralde pilotu gisa parte hartzea eskatuko dio Europako Batzordeari.
Izan ere, Europako Batzordeak lege-proposamen bat aurreikusten du arlo horretan, Kids izenekoa, ingurune digitalean adingabeen babesa indartzea helburu duena. Gomendioen artean, pantailak adinaren arabera pixkanaka erabiltzea dago. Txostenak zero eta bi urte bitartean pantailarik ez erabiltzea proposatzen du, eta hiru eta sei urte bitartean, egunean gehienez ordubetez. Sare sozialetarako sarbidea 15 urtera arte mugatzea ere proposatzen du.
Baina Pradalesek bereziki beste alderdi bat nabarmendu du: "Hezkuntza eta ahalduntzea, debekuaren ordez". Bere ustez, arazoa ezin da soilik debekuen edo erregulazioaren bidez konpondu, eta gaineratu du neurri horiek herritarrak "interpelatu" egiten dituztela eta fokua familien eta adingabeen ingurunean kokatzen dutela.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gutun bat bidaliko dio Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteari, estrategia horrekin bat egiten duela adierazteko. Jaurlaritzak, gainera, gai hori Espainiako Gobernuarekin duen aldebiko agendan sartuko du.
Horrez gain, euskal hezkuntza sistemaren estrategia digitala eta pantailen erabilera berrikusteko konpromisoa hartu du, Europako gomendioetara egokitzeko.
Azkenik, pantailen erabilera arduratsurako euskal akordio sozial zabal bat iragarri du. Helburua gurasoak inplikatzea eta Europako adituen jarraibideak hedatzea izango da. Gobernuak familien eta guraso elkarteekin lankidetzan jardungo du eztabaida esparru sozial eta politikora eramateko.
EUROPAR BATASUNA
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
Europako proposamenak adin-mugak ezartzen ditu sare sozialetara sartzeko, eta segurtasun-betebehar berriak ezartzen dizkie plataformei, bideojokoei eta adimen artifizialeko zerbitzuei.
Ongizate integralaren hirugarren ardatza familiak izango dira. "FamiliaK" programak, besteak beste, hazkuntzaren kargak murriztea du helburu. Haurdunalditik eta bizitzako lehen urteetan laguntzeko neurriak jasotzen ditu.
Zure interesekoa izan daiteke
Denis Itxaso: “Kaleratze guztiak ez dira ezin ordaintzeagatik”
Richar Vaquero, Blocusi buruz: "Norbaiti asko-asko interesatzen zaio mobilizazioetan istiluak egotea"
Gaur egingo dira Donostian eta Gasteizen hauteskunde-mahaietan nor egongo den aukeratzeko zozketak
Ehunka lagun bildu dira Bilbon, terrorismoa egotzita Irunen atxilotutako bi lagunak aske uztea eskatzeko
Aske: "Gure helburua ez da istiluak egotea, Aratz eta Malenen kontrako kanpaina mediatikoari aurre egitea baizik"