EUSKO LEGEBILTZARRA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Politika orokorreko eztabaidak emango dio hasiera Legebiltzarrean hauteskunde giroko urte politikoari

Etxebizitza, osasuna, euskara, hezkuntza, segurtasuna eta immigrazioa izango dituzte hizpide, besteak beste, Imanol Pradales lehendakariak eta alderdi politikoetako bozeramaileek 09:30etik aurrera. Gernikako Estatutuaren eskumenen eskualdaketari eta estatus politiko berriari buruzko aipamenak ere ez dira faltako.

Parlamento Vasco

Gaur, osteguna, hasiko da 2026-2027 urte politikoa Legebiltzarrean politika orokorreko osoko bilkurarekin. Euskadik hurrengo hilabeteetan dituen erronken inguruko eztabaida hauteskunde giroan egingo da aurten, 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal eta foru hauteskundeak eta oraindik datarik ez duten hauteskunde orokorrak begi-bistan hartuta.

09:30ean hasiko den saioa zuzenean jarraitu ahal izango da orain.eus webgune honetan. Goizean Imanol Pradales lehendakariak egingo du bere hitzaldia. Ondoren, bazkaltzeko etena egingo dute, eta 14:30ean ekingo diote berriro. Talde politikoen txanda izango da orduan, txikienetik handienera ordenatuta. Bakoitzak 30 minutuko denbora izango du. Jarraian, Pradalesek taldeei erantzungo die eta hauek 10 minutuko erreplika txanda izango dute.

Lehendakariak EAJrekin prestatu du bere agintaldiko politika orokorreko bigarren osoko bilkura izango dena. Azken egunetan ezagutzera eman diren ildo orokorren arabera, ekonomian, prezioen igoeran besteak beste, jarriko du fokua, baita herritarrak kezkatzen dituzten beste hainbat gaitan ere: etxebizitza, osasuna, hezkuntza, segurtasuna edota immigrazioa.

Horrez gainera, "azeleragailua zapaltzeko" deia egingo dio Pedro Sanchezen gobernuari, eta Gernikako Estatutuan aurreikusitako eskumenen eskualdaketa amaitzeko adostutakoa betetzeko eskatuko dio. Pradalesek Espainiako politikan bizi den giro gaiztotutik aldentzeko deia egingo du, eta Eusko Legebiltzarreko ordezkari guztiei "ardura eta maila" eskatuko die Euskadik "aurrera egiten jarrai dezan".

Era berean, litekeena da EAJ, EH Bildu eta PSE-EE negoziatzen ari diren estatus politiko berriaren inguruko desadostasunak mahai gainera irtetea. Elkarrizketak modu diskretuan egiten ari badira ere, azken egunetan gaia hizpide izan dute alderdietako buruzagi nagusiek, hala nola, Aitor Estebanek eta Eneko Anduezak

Bestalde, Pello Otxandiano EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak "konfrontazio politikoaren gainetik" eta "bloke atzerakoia alde batera utzita", euskal tradizio politiko nagusien kontsentsuak eta lidergo partekatuak sortzearen garrantzia azpimarratuko du. Horrez gain, etxebizitza, Osakidetza, hezkuntza, euskara eta migrazioa bezalako gaiak adosteko eta estatus berrirako akordio politikoa gauzatzeko deia egingo du.

PSE-EEtik, Eneko Andueza idazkari nagusi eta legebiltzarkideak ongizate estatuaren defentsan eta "pertsonen eta langileen babesa lehenesteko" beharrean zentratuko du bere hitzaldia, horretarako zerbitzu publikoak indartuz aurrekontu "hedakor" batzuen bidez. Era berean, "lehentasun nazionalaren aurrean, lehentasun soziala" aldarrikatuko du; hori dela eta, osasuna, etxebizitza edo hezkuntza bezalako gaietan ahaleginak batzeko beharra azpimarratuko du, "identitate gaien aurrean".

Javier de Andres Euskadiko PPko presidenteak "legealdiaren hasierako arazoetan" jarriko du azpimarra eta, besteak beste, etxebizitza, segurtasuna, osasuna eta hezkuntza aipatuko ditu. Bere hitzaldia baliatuko du bere alderdia "EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk ordezkatzen duten ereduaren alternatiba" gisa aldarrikatzeko.

Bestalde, Jon Hernandez Sumarreko legebiltzarkideak Euskadi "agortuta dagoen eredu baten aurrean" dagoela salatuko du, "marketinean eta lankidetza publiko-pribatuan gehiegi oinarrituta" dagoelako. Horren aurrean, etxebizitzaren arazoari, biztanleriaren pobretzeari, edota osasunaren eta hezkuntza publikoaren "gainbeherari" ezkerretik erantzutea aldarrikatuko du.

Azkenik, Amaia Martinez Voxeko legebiltzarkideak lehendakariari aurpegiratuko dio bere kudeaketa Euskadi "pobretzen" ari dela, eta herritarrek "erosketa-saski askoz garestiago bati eta etxebizitza eskuraezin bati" aurre egin behar diotela eta "eguneroko gastuei aurre egiteko zorpetze-zifra errekorrak" daudela.

Aurreko urteetan bezala, politika orokorreko eztabaidan beste erakunde batzuetako gonbidatuak izango dira: Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Esther Apraiz Eudeleko presidentea, besteak beste. Iñaki Subijana EAEko Auzitegi Nagusiko presidentea, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea eta alderdi politikoetako ordezkariak ere bertan izango dira, hala nola, Aitor Esteban (EAJ) eta Arnaldo Otegi (EH Bildu).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X