BELATEKO TUNELAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Nafarroako Gobernuak berriro lizitatuko ditu Belateko tunelen lanak

Gaiari buruz azalpenak emateko Foru Parlamentuan egin duen agerraldian, Chivitek esan du une honetan aukera "bideragarri bakarra" dela lanak berriro lehiaketa publikora ateratzea. 

tunel belate
Belateko tunelen obrak, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press

Belateko tuneletako obretako 8,5 milioi euroko gainkostua ordaintzeko legezko biderik aurkitu ez, eta lanak berriro lizitatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Egoera aztertu ondoren, Foru Exekutiboko Kontu-hartzailetza Nagusiak esan zuen gainkostu hori ezin dela ordaindu, Foru Ogasunari kalte larria egingo liokeelako. 

Maria Chivite Nafarroako presidenteak jakinarazi du berria, Foru Parlamentuan gaiari buruzko azalpenak emateko egin duen agerraldian. Javier Remirez lehen presidenteordea eta Oscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariak izan ditu alboan. 

"Ez zen hau hasierako plana, baina argi dago plan bideragarri bakarra dela (...) Arazo bat daukagu, egoera oso konplexu bat eta Gobernu honek konponbidea jarri du. Gaur aro berri bat hasiko da", esan du Chivitek. 

Azaldu duenez,  Acciona-Oses aldi baterako enpresa-elkartearekin duten kontratua eteteko formulak ari dira aztertzen, eta behin hori egindakoan, lehiaketa abian jarriko dute. 

2024an hasi ziren lanak, eta  Gobernuko Herri Lanetarako Departamentuak onartu egin zuen proiektuan aldaketa bat egitea, Acciona, Oses eta Servinabar enpresek proposatutako 8,5 milioiko gainkostua barne hartzeko. 

Koldo auzia lehertu eta Servinabar enpresa-elkartetik atera ondoren, iazko azaroan, kontu-hartzailetzaren ebazpena iritsi zen, gainkostu hori ez ordaintzeko eskatuz. 

Orduan, Chivite kargutik kendu zuen Pedro Lopez Herri Lanetako zuzendari nagusia, eta joan den ekainetik, tunelak bikoizteko lanak ia geldituta daude. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X