AMNISTIA LEGEA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Puigdemonten amnistia eskariari ezezkoa eman dio berriz Llarena epaileak, eta Konstituzionalaren erabakiaren zain geratu da

Goreneko epailearen ustez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen epaiak ez du aldatzen politikari katalana Amnistia Legetik kanpo uzteko Llarenak berak finkatutako lehenengo arrazoiaren oinarria.

(Foto de ARCHIVO)

El presidente de Junts per Catalunya, Carles Puigdemont, durante una reunión con el presidente de la Generalitat, a 2 de agosto de 2025, en Bruselas (Bélgica). Illa, quién ha promovido la reunión, ha remarcado su intención de tenerla con la voluntad de mandar un mensaje de diálogo, además ayer 1 de septiembre, lamentó no poder recibir al expresidente catalán en el Palau de la Generalitat al no aplicarse la ley de amnistía.



Jasper Jacobs / Europa Press

02/9/2025
Carles Puigdemont. Argazkia: Europa Press.

Pablo Llarena Auzitegi Goreneko magistratuak atzera bota du Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohi eta Juntseko liderrak amnistia legea aplikatzeko egindako eskaera, nahiz eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak lege hori babestu eta Auzitegi Konstituzionalak babes-errekurtsoen inguruan erabakiko duenaren zain gelditu da.

Kaleratutako autoaren arabera, Puigdemont atxilotzeko agindua bertan behera uztea ere ez du onartu, ezta Antoni Comin kontseilari ohiak egindako eskariak ere.

Llarenak gogorarazi du 2024ko uztailean, amnistia legea indarrean jarri ostean, diru publikoak bidegabe erabiltzearen delituaren kasuan amnistia ez aplikatzea erabaki zuela bi arrazoirengatik: "Ondare izaerako onura pertsonala lortzeko asmo bat antzematen" zelako eta "egitateek Europar Batasunaren finantza-interesei eragiten" zietela iruditzen zitzaiolako.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren erabakia jaso ondoren, ordea, instrukzio-epaileak uste du auzitegi horrek baztertu egiten duela bigarren arrazoia; Espainiako lurraldearen zati baten banaketak EBren finantza-interesei eragingo liekeenik ukatu baitu.

Hala ere, bere ustez, EBko Justizia Auzitegiak ez du lehen arrazoiaren, onura pertsonala lortzeko ustezko asmoaren, oinarria aldatzen.

Hori dela eta, bi auzipetuen amnistia eskaerari ezezkoa eman dio berriz ere, eta azpimarratu du bere erabakia ez dela "oinarritzen Europaren interpretazioak garrantzirik ez izatean, baizik eta ukapena eragiten zuen beste arrazoi horri ez erantzutean". 

Horrez gainera, Llarena epaileak atzera bota ditu Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren edo Bartzelonako epaitegien aldeko inhibizio eskaerak eta auzia artxibatzeko eskaerak. Izan ere, Kontuen Auzitegian prozedura zabalik dagoenez, non bis in ídem printzipioa urratu dela (gertaera berbera bi aldiz epaituz) argudiatuta, artxiboa ere eskatu zuen Puigdemonten defentsak. 

Auzitegi Konstituzionalaren zain

Beraz, Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako babes helegiteen emaitzaren zain geratu da auzia. Konstituzionalak hilabete honetan eztabaidatzen hasteko asmoa du. Lehenengoa Jordi Turull kontseilari ohiak jarritakoa da eta irailaren 22an hasiko dira eztabaidatzen. 

Diru publikoaren bidegabeko erabileragatik Gorenak ukatu zion amnistia eskaeraren aurkako helegitea jarri zuen Turullek (desobedientzia delituagatik onartu zioten neurria). 

Epaitegietako iturrien arabera, Turullen kasuarekin doktrina ezarriko du Konstituzionalak  funts publikoen bidegabeko erabileraren kasuetarako eta gainerako zigortuen erabakiak horren araberakoak izango dira. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X