Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalean itxaron-zerrendak manipulatu dituztela salatu dute
'El País' egunkariak argitaratu duenez, ebakuntzen itxaron-zerrendan zeuden herritarren lehentasuna aldatzea agindu zuten ospitaleko bi arduradunek, zirujaurekin hitz egin gabe.
Madrilgo Ramon y Cajal Ospitalea, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidenteari ospitale publikoen kudeaketarekin lotutako beste polemika bat lehertu zaio. Oraingoan, Ramon y Cajal Ospitaleko itxaron-zerrendak manipulatzea leporatzen diote erietxe horretako bi arduraduni.
El Pais egunkariak argitaratu du informazioa. Bertan azaltzen denez, ebakuntza egiteko itxaron-zerrendan zeuden zenbait gaixoei buruzko informazioa aldatu egin zuten, sistema informatikoaren bidez. Zehazki, haien larritasun maila jaitsi egin zuten, eta horrela, zerrendaren hurrenkera moldatu zuten.
Ospitaleko barne-dokumentuak aipatzen dira albistean, iturri gisa. Horien arabera, salatzen diren gertakariak 2025eko otsailaren 28tik martxoaren 14ra bitartean izan ziren; Kirurgia Ortopedikorako eta Traumatologiarako itxaron zerrendan zeuden 57 pazienteren kasuak lehentasunezkoak izateari utzi zioten; hala, ebakuntza egiteko gehieneko epea 90ekoa izatetik 180koa izatera igaro zen.
Zabaldutako informazioak dio zerrenden manipulazioa sistema informatikoaren bidez egin zutela, zirujauen iritzia aintzat hartu gabe.
Madrilgo Erkidegoko Gobernuko Osasun Kontseilaritzak goitik behera ukatu du salaketa, eta ziurtatu du itxaron-xerrendak kudeatzea "laguntza-zerbitzuen" ardura dela, eta ez erietxeko zuzendaritzarena.
Halaber, gaineratu du "irizpide klinikoak" aintzat hartuta erabakitzen dela itxaron-zerrenden hurrenkera, eta "kirofanoetako komiteak" astero aztertzen duela gaia.