Alderdien hauteskunde interesak albo batera utzi eta herri ikuspegitik jarduteko eskatu du Otxandianok
Alderdi politiko eta gizarte eragileekin atzo abiatutako bilera-sortaren barruan, Imanol Pradales lehendakaria Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko bozeramailearekin bildu da gaur. Aurretik, Eneko Andueza sozialista hartu du, eta ondoren, Joseba Diez Antxustegi jeltzalea.
Bilera amaitu berritan hedabideen aurrean egindako agerraldian azaldu ditu Otxandianok lehendakariari helarazi dizkion mezuak. Besteak beste, esan dio "momentu historiko hain konplexu eta ziurgabe honetan" Euskal Herriak "mugimendua" behar duela. "Hemen behar da mugimendua. Ez da erretorikarako garaia, ez da lirikarako garaia", esan du.
Bide horretan, EAErako estatus politiko berriaren inguruko "akordioa lortzeko unea" iritsi dela uste du ezkerreko buruzagiak, eta baikor agertu da alderdi nagusien artean zabalik dituzten negoziazioen inguruan. "Badira hiru herrialde hauetan etorkizunera begira estrategikoak diren oinarrizko adostasun politiko batzuk erdiesteko aukerak. Badago lurzoru bat. Badaude baldintzak eta badago zerbait denok partekatzen duguna. Hemen badago gutxieneko kultura politiko bat, leku batzuetan ez bezala. Ez dago aitzakiarik", erantsi du.
Halaber, datozen urteko hauteskunde hitzorduei begira, "arrisku bat" ikusten du: "legegintzaldi hau amortizatutzat ematea, hiru herrialde hauek urte eta erdiz luzatuko litzatekeen prozesu elektoral batean itotzeko. Akats larri bat izango litzateke".
Horren aurrean, bi aukera daudela gehitu du: "erabaki behar dugu geure alderdien aktibo elektoral hutsak izango garen, hala herri honek behar dituen mugimenduetako protagonistak".
Zazpi mugimendu
Denera, zazpi mugimendu politiko egitea proposatu dio EH Bilduk lehendakariari: eskala handiko etxebizitza publikoen sustapenerako estrategia definitzea, Osakidetzako lan gatazka konpontzea, industria estrategia zehaztea, klima aldaketa arintzeko politikak bizkortzea, euskal migrazio politika definitzea, Adimen Artifizialaren etorreraren aurrean EAEk duen gaitasuna garatzea eta euskara ikasteko sarbidea eta aukera unibertsalizatzea.
Mugimenduok "elkarlanean, elkarrekin, adostasunez gertatuko balira, hiru herrialde hauek beste eszenatoki batean" jarriko liratekeela ziur dago koalizioa.
Alderdien ondoren, sindikatuen txanda izango da. UGT eta CCOO zentraletako arduradunekin ostiralean elkartuko da Pradales; LABeko eta ELAko arduradunekin datorren astelehenean, eta, azkenik, Confebask patronaleko presidente Tamara Yaguerekin, asteartean.