Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman dio Henri Parot ETAko buruzagi ohiari
Covitek deitoratu du "39 pertsona hiltzeagatik zigortutako terrorista bati" eman izana erregimen hori.
Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman dio Henri Parot ETAko buruzagi ohiari, espetxeko Tratamendu Batzordearen txostenean oinarrituta. 1990ean espetxeratu zuten, 40 urteko zigorra betetzeko.
Hemendik aurrera, Fiskaltzak kasua aztertu beharko du, eta erabakiari errekurtsoa jarri ala ez erabaki.
Joan den urtetik, Henri Parot erdi-askatasuneko erregimenaz gozatzen ari zen, Eusko Jaurlaritzak eman zion Espetxe Araudiaren 100.2 artikulua aplikatuta. Horri esker, astelehenetik ostiralera irten ahal izan da espetxetik, boluntario-lanak egiteko; dena dela, kartzelan berriro lo egiteko betebeharra zuen, Justizia Saileko iturriek azaldu dutenez.
Hirugarren gradua eman diotela jakin ostean, Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak (Covite) salatu du "ETAren historiako terroristarik odoltsuenetariko bati" aplikatu zaiola espetxe-erregimen hori, "39 pertsona hiltzeagatik eta dozenaka atentatu saiatzeagatik" kondenatua.
Biktimen talde horrek Eusko Jaurlaritzari aurpegiratu dio ere bere espetxe-politika “ezker abertzalearen zerbitzura” dagoela.
Bestalde, Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari eskatu dio kontzesio hori berehala aztertzeko eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean errekurritzeko.