Ceutako portuan migratzaileentzako prestatzen ari diren kanpalekua geldiarazi du Auzitegi Nazionalak
Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) eskatu zuen kanpalekua kautelaz bertan behera uztea, segurtasun arrazoiengatik. 1.000 migratzaile inguru hartzeko gunea ari dira prestatzen Ceutako portuan.
Hainbat migratzaile Ceutako hondartzan kanpatuta. Argazkia: EFE
Espainiako Gobernua Ceutako portuan eraikitzen ari den migratzaileentzako kanpalekua gelditzeko agindu du Auzitegi Nazionalak, harik eta Poliziaren Sindikatu Bateratuak (SUP) egindako eskaria argitu arte.
Gaur igorritako ebazpenean, Administrazioarekiko Auzietako Salak 12 orduko epea eman dio Garraio Ministerioari martxan jarri nahi duten guneari buruzko espedientea eta dokumentazio guztia helarazteko.
16.000 metro karratuko lur-eremuan ari dira kanpalekua eraikitzen, eta SUP sindikatuak eskatu zuen geldiaraztea, kautelazko neurri gisa.
Joan den irailaren 5ean, Espainiako Gobernuak Ceutako portuaren kontrola bere gain hartzea erabaki zuen, Ceutako Hiri Autonomoko Gobernuak han migratzaileentzako gune bat egokitzeari uko egin eta gero.