Albiste dira
HIZKUNTZA POLITIKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EH Bilduk, ELAk eta LABek euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judiziala salatu dute

"Kontu formalak tarteko, gure hizkuntzaren arkitektura legala eraitsi nahi dute". Horregatik, PPren eta Voxen erasoei erantzuteko "ausardiaz, arduraz eta herri ikuspegiaz jokatu behar dugu", nabarmendu du koalizio abertzaleak. Bestalde, Voxek salatu du Eusko Jaurlaritza euskara inposatu nahian dabilela.

ELA, LAB eta Steilas kalera atera dira Bilbon euskararen alde
Kontseiluaren protesta baten irudia

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak euskararen erabilera normalizatzeko dekretuaren inguruan hartutako erabakiak harrabotsa sortu du alderdi eta sindikatuen artean. EH Bilduren legebiltzarkide eta Hizkuntza Normalizaziorako idazkari Josu Aztiria izan da gaiari heldu dion politikarietako bat. Berretsi duenez, euskarak "estatus juridiko berria" behar du.

"Kontu formalak tarteko, gure hizkuntzaren arkitektura legala eraitsi nahi dute. Horregatik, PPren eta Voxen erasoei erantzuteko ausardiaz, arduraz eta herri ikuspegiaz jokatu behar dugu", nabarmendu du.

ELA

ELA sindikatuak "oso larritzat" jo du EAEko Justizia Auzitegiaren erabakia. ELAren ustez, erabaki judizial hori Administrazio Publikoan euskararen normalizazioa pairatzen dabilen oldarraldi judizialaren "adibide bat gehiago" da. 

"Balorazio juridiko zehatza" egiteko epai osoa sakon aztertzeko zain, ebazpena "oso larria" dela esan dute sindikatuko ordezkariek, eta salatu dute "horrelako prozesu eta ebazpenen atzean euskararen normalizazioa oztopatu nahi duten sektore judizial, politiko eta sindikal batzuen bultzada euskarafobikoa" dagoela, "gaztelaniaren nagusitasunari eusteko eta euskararen erabilera mugatzeko".

LAB

LABek uste du epaia "beste urrats bat" dela "euskara desofizializatzeko prozesuan", eta Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "auzitegietatik datozen mehatxuei aurre egiteko" eta "euskalduntzearen beharrei erantzungo dien dekretu berri bat egiteko prozesua abian jartzeko".

LABek ohar batean salatu duenez, "auzitegiek euskararen erabilera normalizatzeko eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri guztien aurkako eraso sistematikoarekin jarraitzen dute". "Oraingoan Eusko Jaurlaritzaren 2024ko dekretua jarri dute jomugan, txosten ekonomikoa nahikoa ez dela argudiatuta", adierazi du.

Vox

Bestalde, Voxek salatu du Eusko Jaurlaritza euskara inposatu nahian dabilela, horrek "diru publikoan zer kostu" dakarren zehaztu gabe.

CCOO

Halaber, CCOOk Eusko Jaurlaritzari eskatu dio "euskararen kontrako asmatutako oldarraldi judizialak" alde batera utzi eta "ardurak bere gain" hartzeko, herritarrek Administrazioarekin "nahi duten hizkuntza ofiziala erabiltzeko aukera" izan dezaten. 

Horretarako, "denbora" eta "baliabideak" jartzeko eskatu dio sindikatuak Gasteizko Gobernuari. "Denbora eta baliabideak, euskara ikasketen kostua langileek euren gain har ez dezaten", esan du. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X