BPG
Gorde
Kendu nire zerrendatik

EAEko ekonomia % 2,3 hazi da bigarren hiruhilekoan, aurreikusitakoa baino hiru hamarren gehiago

Kanpo-sektoreak ekarpen negatiboa izan du eta aurreko urteko bigarren hiruhilekoan baino 13.238 enplegu garbi gehiago sortu dira.

GRAFCAV6765. SANTURTZI (BIZKAIA), 22/07/2026.-Torre de gestión del Puerto de Bilbao, junto a sus mercancías. La actividad del puerto de Bilbao genera el 8% del PIB de Euskadi y mantiene a 60.000 empleos, además de atraer inversiones claves. "Lo que pasa en el puerto de Bilbao, sus retos, sus preocupaciones, sus proyectos, son de interés común para la industria vasca y viceversa", ha valorado el presidente de esta infraestructura Iván Jiménez. EFE/Luis Tejido.
Bilboko portuko artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 2,3 hazi da bigarren hiruhilekoan iazko aldi beraren aldean, eta % 0,7 aurreko hiruhilekoarekin konparatuta, zerbitzuen sektoreari esker gehienbat. Enpleguak, berriz, % 1,3 egin du gora, eta, ondorioz, 13.238 lanpostu garbi sortu dira.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) ostiral honetan eman ditu jakitera hiruhilekoko datu ekonomikoak, eta % 2,3 horrek hiru hamarren hobetu du Eusko Jaurlaritzak uztailean egindako hazkunde-aurreikuspena.

Adierazle horri dagokionez, Eustatek ekainean egindako estimazioak berretsi ditu: urte arteko % 1,3ko igoera eta % 0,4koa urteko lehen hiru hilabeteetan. 

BPGk lurralde historikoetan izan duen bilakaerari dagokionez, Araban % 2,2ko hazkundea izan da urte artean, Bizkaian % 2,3koa eta Gipuzkoan % 2,4koa. Aurreko hiruhileko datuekin alderatuta, % 0,8, % 0,6 eta % 0,9 hazi dira, hurrenez hurren.

Industriaren hobekuntza "arina"

Sektoreka, industriak tasa positiboak berreskuratu ditu, % 0,5eko hazkunde txikiarekin sektore osoan eta % 0,7ko hazkundearekin manufakturetan. Lehen hiruhilekoaren aldean, jarduera adar horietan % 0,8 eta % 0,9koa izan zen, hurrenez hurren.

Nolanahi ere, EAEko ekonomiaren eragile nagusia zerbitzuak dira oraindik ere, urte arteko % 3ko eta % 0,8ko hazkundearekin aurreko hiruhilekoaren aldean.

Kontsumoak eta inbertsioak, gora

Kontsumoari dagokionez, bai etxekoen unitateena bai kontsumo publikoarena, hazi egin dira. Lehen kasuan, herritarrek duela urtebete baino % 2,9 gehiago gastatu dute, eta urteko lehen hiru hilabeteetan baino % 0,8 gehiago; administrazio publikoek, berriz, % 3,7 handitu dute gastua.

Horrela, kontsumoa % 3,1 hazi da urte batetik bestera, eta % 0,7, berriz, aurtengo lehen hiruhilekoaren aldean. Inbertsioa, oro har, % 3,9 igo da iazkoaren aldean.

Aurtengo lehen hiru hilabeteekin alderatuta, inbertsioa maila apalagoan hazi  da, % 1 egin baitu gora.

Kanpo-sektoreak euskal ekonomiari egindako ekarpena txikia izan da,  azken hiruhileko horretan ere, eta, ondorioz, urte arteko saldoa negatiboa izan da: esportazioak (+% 0,9) inportazioak ( % 2,3) baino gutxiago hazi dira.

Torres: "Euskal ekonomiak bilakaera positiboa du"

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak datu horien balorazioa egin du, honakoa esanez: "Euskal ekonomiak bilakaera positiboari eusten dio, beste hiruhileko batez haziz, eta dagoeneko 22 hiruhileko jarraian dira % 2tik gorako aurrerapenekin".

Halaber, euskal ekonomiaren aurrerapena kontsumoan, inbertsioan eta enpleguaren sorreran oinarritzen dela esan du.

Torresen hitzetan, industria egonkortu egin da, eta hobekuntza txiki bat  erakutsi du, baina "ez susperraldi sendo bat", merkataritzako ziurgabetasunak eta energiaren garestitzeak aurreikuspenak baldintzatzen jarraitzen dutelako.

Esportazioei dagokienez, sailburuak azpimarratu du % 2,1 hazi direla aurreko hiruhilekoaren aldean, eta horrek "argi erakusten du hobera egin duela urtearen hasierarekin alderatuta".

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X