Diesela eta gasolina % 32 inguru garestitu dira EAEn Irango gerra hasi zenetik
Espainiako Gobernuak ezarritako zerga beherapenek eragin mugatua izan dute kontsumitzaileen poltsikoetan, eta merkealdiak egun gutxi iraun du kasu gehienetan.
Irango gerra hasi zenetik, otsailaren 28tik, gora egin du dieselaren eta gasolinaren prezioak. Zehatz jarrita, hurrenez hurren, % 36,2 eta % 28,4 garestitu dira EAEn (zergak barne), Trantsizio Ekologikorako Ministerioak emandako datuen arabera.
Albiste honekin batera datorren grafiko interaktiboan ikus daitekeenez, Espainiako Gobernuak ezarritako beherapen fiskalek —lehena, martxoan; bigarrena, uztailean; eta beste bi, abuztuan eta irailean— eragin mugatua izan dute denboran, merkatua berehala suspertu baita.
Gerraren ondorioak arintzeko lehen neurri sorta martxoaren 22tik ekainaren 30era egon zen indarrean. Erregaien BEZa % 21etik % 10era jaitsi zuen Espainiako Gobernuak, eta hidrokarburoen zerga Europar Batasunean (EB) baimendutako gutxienekora. Horri esker, dieselaren salmenta-prezioaren igoera (% 29,9) gasolioaren zerga aurreko garestitzearekiko proportzionala izatea saihestu zuten.
Udako bilakaera
Uztailean, bigarren lege dekretu bat onartu zuen Sanchezen gobernuak. BEZaren beherapena kendu zuen, baina hidrokarburoen gaineko zergaren murrizketari eutsi zion. Litroko 15 zentimo merkatu zen zerga hori, eta hilabete amaieran gora egin zuten berriro prezioek EAEko gasolina zerbitzuguneetan. Diesela % 23,6 garestitu zen, betiere Irango gerra hasierako prezioarekin alderatuta (1,811 euro litroko). 95 oktanoko gasolinaren kasuan, % 13,7 garestitu zen (1,703 euro litroko).
Abuztuan, deskontua litroko 10 zentimoraino jaitsi zuen Espainiako Gobernuak. Otsailaren 28tik abuztuaren 31rako datuak alderatuta, % 28,1 garestitu zen diesela: litroko 1,46 euro balio izatetik litroko 1,885 euro balio izatera igaro zen. Gasolinari dagokionez, % 17,9 garestitu zen prezioa.
Aurreikuspenen arabera, azken neurri sorta hori hilaren 30ean amaituko da. Dena dela, baliteke Espainiako Gobernuak laguntza gehiago iragartzea, erregaien etengabeko garestitzeari aurre egiteko.