Jaurlaritzak laguntzak emango ditu aire girotua instalatzeko, betiere eguzki panelez hornitua bada
Dirulaguntzak urriaren amaieratik aurrera egongo dira eskuragarri. Partikularrek, osasun etxeek eta ikastetxeek, industriek eta saltokiek eskatu ahalko dituzte. 120 milioi euro bideratuko dituzte programa horretara.
Eguzki panelak Derion (Bizkaia). CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Eusko Jaurlaritza/Nagore
Klima aldaketaren ondorioz, inoizko uda beroena izan dugu, eta gero eta beharrezkoagoa da eraikinak tenperatura altuetara moldatzen hastea. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntzak iragarri ditu aire girotua instalatzeko, betiere eguzki panelen bidez elikatzen bada. "Eguzki Hotz" izeneko programak 120 milioi euroko zuzkidura izango du eta urriaren amaieran aktibatuko dute.
Imanol Pradales lehendakariak 340 milioi euroko partida iragarri zuen Politika Orokorreko Eztabaidan klima aldaketaren aurka borrokatzeko, eta neurri sorta horren baitan dago programa hori. Jaurlaritzak ohar bidez azaldu duenez, "programak 'hozten duen eguzkia' printzipioa du abiapuntu, hots, eguzki panelen bidez sortzen den aire girotua. Herritar guztiei egongo da zuzendua: etxebizitzak, ikastetxeak, osasun zentroak, industriak, zerbitzu enpresak eta saltokiak".
Helburua da klimatizazioa bultzatzea, baina mendekotasun energetikoa sortu eta faktura elektrikoa handitu barik. Hori horrela, eraikin bat hozteko behar den energiaren iturriak etorri behar du autokontsumorako azpiegitura batetik edo energia berriztagarrien komunitate batetik.