Meteorologia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Euskadin 1970etik erregistratutako udarik beroena izan da aurtengoa

Tenperatura oso beroak neurtu dira, batez besteko tenperaturak baino 3,2 °C altuagoak izan baitira. Ekaina eta uztaila erregistroak daudenetik beroenak izan dira; abuztua, berriz, bigarren beroena izan da, 2003koa bakarrik izan baita beroagoa.

eguraldia tiempo calor beroa termometro bilbo termometroa

Aurtengo uda gutxienez 1970etik izandako beroena izan da, batez besteko tenperaturak 1991-2020 aldi normaleko batezbestekoa baino 3,2 °C handiagoak izan baitira. Hala ziurtatu du Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak, eta uda hau oso beroa eta lehorra izan dela azaldu du.

Ekainean, uztailean eta abuztuan ohikoa baino tenperatura altuagoak erregistratu dira. Lehen hilabete biak oso beroak izan dira, 3,7 °C-ko eta 3,6 °C-ko anomaliekin, hurrenez hurren, eta biak izan dira beroenetan beroenak erregistroak daudenetik.

Abuztuan ere tenperatura altuak izan dira, 2,4 °C-ko anomaliekin, eta bigarren abuzturik beroena izan da, 2003koaren atzetik.

Bero-boladak

Uda garaian bero-egun ugari izan dira. Ekainean bereziki nabarmendu da hilaren 21etik 27ra bitartean erregistratutako beroaldia, ekainerako dokumentatutako luzeena eta urteko edozein garaitarako bigarren biziena gutxienez 1970etik.

Beroaldi horretan, 40 ºC-tik gorako tenperaturak harrapatu dira isurialde atlantikoko puntu askotan, eta gau tropikalak eta beroak erregistratu dituzte hainbat estaziotan.

Ekainaren 24a udako egunik nabarmenetako bat izan zen, eta beroenetan bigarrena 1970etik gutxienez. Euskalmeten sareko estazioen erdiek 40 ºC-ko muga gainditu zuten, eta Sodupe-Cadaguan eta Zizurkilen 44 °C-raino iritsi ziren tenperaturak.

Uztailean ere egun oso beroak izan ziren, eta lehen hamabostaldian iraupen luzeko bero-bolada izan zen, hilaren 5etik 12ra (isurialde mediterraneoan 15era arte luzatu zen).

Beroaldi horretan, berriz ere 40 ºC-ak gainditu ziren isurialde atlantikoko eta isurialde mediterraneoko barnealdeko zenbait puntutan.

Abuztua, aldiz, hilabete lasaiagoa izan da, baina oso beroa, hala ere. Gertakari garrantzitsuena hilaren 12tik 13ra gertatu zen, eta 14ra arte luzatu zen Arabako Errioxan, 8-9 °C edo gehiagoko anomaliekin. Hilaren 13an izan zen egunik beroena, eta maximoak 40 ºC-tik gorakoak izan ziren Arabako hego-mendebaldean.

Euri gutxi

Prezipitazioari dagokionez, uda oso lehorra izan da oro har; hala ere, kosta-partea (balio normaletatik gertuago) eta barnealdea (defizita nabarmenagoa izan da, eta eskualde batzuetan uda oso lehorra izan da) bereizi behar dira. Arabako Lautada, Gorbeialdea, Arabako Haranak eta Goierri daude euri defizit handieneko eremuen artean.

Euri-pilaketa handienak Gipuzkoako ipar-ekialdean eta Bizkaiko kostaldetik gertu izan dira, eta 200 l/m²-tik gora erregistratu dira hiru estaziotan: Añarbe (226), Oleta (208) eta Ereñozu (204,4).

Hala ere, estazioen bi heren baino gehiagotan pilatutakoak ez dira 100 l/m²-ra iritsi. Balio txikienak Araban izan dira: Espejo (11,7), Langraiz (13,3), Zanbrana (23), Agurain (23,4) eta Abetxuku (24,9).

Euri-egunen kopurua ohikoa baino askoz txikiagoa izan da, bereziki mendebaldean eta hegoaldean, erdira baino gehiago murriztu baitira.

Uda osoan, pilaketa oso handiak (30 mm-tik gorakoak) izan dituzten bost egun zenbatu dira: ekainaren 28a, uztailaren 25a eta abuztuaren 9a, 20a eta 23a. Horien artean, 60 mm-tik gorako pilaketak izan zituzten hiru jardunaldi nabarmendu dira: ekainaren 28a eta abuztuaren 9a eta 23a.

Prezipitaziorik handienak ekaitzei lotuta egon dira egun jakin batzuetan.

Hiru alarma gorri tenperatura altuengatik

Muturreko meteorologiari dagokionez, 3 alarma gorri ezarri dira muturreko tenperatura altuengatik; 22 alerta laranja (9 muturreko tenperatura altuengatik, 6 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 7 baso-sute arriskuagatik); eta 75 abisu hori (14 prezipitazio handiengatik, 31 muturreko tenperatura altuengatik, 15 tenperatura altu iraunkorrengatik eta 15 baso-sute arriskuagatik).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X