Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Itziar Carrocerak adierazi du udal gobernuak ez zuela irudi horien berri, eta abian dauden ikerketetan sartu direla. Ildo horretan, alkateak txosten bat eskatu du, eta bideoan agertzen den informazioaren zati bat Udalaren hasierako txostenetan zergatik ez zegoen argitzeko eskatu du. Irudietan ikusi daiteke Ander menpean hartu eta lurrean zegoela taser pistolarekin bi tiro eman zizkiola polizia batek.
Itziar Carrocera Santurtziko alkateak Anderren atxiloketari buruz beste txosten bat egin dezatela eskatu du, esku-hartze poliziala izan eta bi egunera hil zen bizilagunaren kasua argitzeko. Eskaera hori herritar batek grabatutako bideo bat zabaldu ostean egin da. Alkateak adierazi duenez, irudiak "gogorrak" dira, eta "neurri batean onartezinak".
Carrocerak azaldu duenez, Udalak ez zuen dokumentu grafiko horren berri. Dagoeneko, bideoa ofizialki sartu dute Ertzaintza eta Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea egiten ari diren ikerketetan. "Irudi gogorrak dira, kezkatu egin gaituzte eta, zintzotasun osoz, nekez justifika daitezke", azpimarratu du.
Justizia Anderrentzat herri-plataformak argitaratutako irudietan ikusi daiteke Ander menpean hartu eta lurrean zegoela taser pistolarekin bi aldiz jo zuela polizia batek.
Alkateak prentsaurrekoa eman du ostegun honetan, asteartean herri-plataformak irudiak zabaldu ondotik. Jakinarazi duenez, Udalak idatzizko txosten zehatza eskatu die gertakariak izan zirenean jardun zuten poliziaburuei, joan den ekainaren 22an izandako atxiloketaren nondik norakoak argitzeko.
Ildo horretan, Carrocerak azalpenak eskatu dizkio Poliziari, azal dezala zergatik ez ziren agertzen Udalari hasieran bidalitako txostenean taser pistola eta bideoan agertzen diren gainerako ekintzak.
Hala ere, alkatea zuhur azaldu da eta adierazi du ikerketa judizialaren eta gardentasun batzordearen ondorioen berri ematen denean, erantzunkizunak dagokionari egotziko dizkiotela, beharrezkoa izatekotan.
Azkenik, ikus-entzunezko material gehiago duten herritarei eskatu die berehala eman diezaiotela horren berri eskumena duten agintariei.