Egunean zenbat ordu igarotzen dituzte haurrek eta nerabeek pantailen aurrean?
Adituek gehienez 120 ematea gomendatzen dute, eta, oro har, aise gainditzen dute gomendioa. Izan ere, batezbestekoa 3 ordu eta 30 minutukoa da.
Gasol Foundationek egindako ikerketa baten arabera, haurrek eta nerabeek egunean hiru ordu baino gehiago ematen dituzte pantailen aurrean. Azterlan horrek ohartarazi du ohitura horrek eragin negatiboa duela adingabeen loaldian, jarduera fisikoan eta ongizate emozionalean.
Hala jasotzen du Espainiako estatuan egindako "Pantallas, infancia y adolescencia: situación actual y retos" txostenak. Horrek 2019-2020 eta 2022-2023 aldietan bildutako datuak ematen ditu.
6.170 parte-hartzailek osatu dute lagina, horietatik % 56,2 13 urtetik beherakoak dira, eta gainerakoa, % 43,8, 16 urte arteko nerabeak.
Oro har, aise gainditzen dute adituek gomendatutakoa, alegia, egunean pantaila aurrean gehienez 120 minutu pasatzea.
"Pantailek gero eta pisu handiagoa dute haur eta nerabeen bizimoduan. Ez emaitza isolatu gisa, baizik eta loari, jarduera fisikoari, elikadurari eta ongizate emozionalari eragin diezaiokeen zeharkako faktore gisa", azaldu du txostenaren aurkezpenean Pau Gasol saskibaloi jokalari ohiak, Gasol Foundationen presidente denak.
Erabilera handiagoa nerabe eta ingurune kalteberetan
Nerabeak dira talde horien artean pantaila aurrean denbora gehien pasatzen dutenak; batez beste 284,8 minutu egunean. Adinean aurrera egin ahala, gainera, minutu kopuruak gora egiten du. Izan ere, Bigarren Hezkuntzako azken ikasturtean jotzen du goia pantailen erabilerak: batez beste, 296 minutu egunean.
Maila sozioekonomikoari dagokionez, errenta txikiagoa duten familietan eta unibertsitate ikasketarik ez dutenetan handitu egiten da pantaila aurrean igarotako ordu kopurua.
Generoaren arabera, mutilek gehiago erabiltzen dituzte pantailak.
Distrakzioak eta errendimendu akademiko txikiagoa
Txosten horretan galdekatutako ikasleen % 29k onartu dute "pantailen erabilerarekin lotutako distrakzioak izan ohi" dituela.
Adituek azaldu dutenez, distrakzio horiek errendimendu akademikoarekin zuzenean lotuta daude.