Gasteizko Alde Zaharra birgaitzeko plan berriak 35 hotel jartzea baimenduko du
Alde Zaharraren Birgaitze Integraturako Plan Berezia izeneko ituna adostu dute PSEk, EAJk eta PPk. Plan horren arabera, lekuz aldatuko diren tabernei lizentzia gorde egingo da, eta eraikin osoetan 35 hotel jarri ahalko dira.
Gasteizko Alde Zaharraren irudia. Argazkia: Gasteizko Udala
Gasteizko Alde Zaharreko Erdi Aroko Hirigunearen Birgaitze Integraturako Plan Berezi berriak aukera emango du eraikin osoetan 35 hotel jartzeko. Gainera, espazio faltagatik nahiz intsonorizazio arazoengatik lekuz aldatuko diren tabernen lizentzia mantentzea eta lonjak kaleko etxebizitza-tailer bihurtzea baimenduko du plan berriak.
Horiek dira etorkizuneko hirigintza-dokumentuak jasotzen dituen berritasun nagusiak. Udal gobernuak (PSE-EAJ) PPrekin lortutako itunaren ondoren, bermatu egingo da Alde Zaharreko birgaitze proiektua behin betiko onartzea, "urtea amaitu baino lehen".
Borja Rodriguez Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak eta Iñaki Garcia Calvo PPren udal bozeramaileak prentsaurrekoa eman dute asteazken honetan akordioaren nondik norakoak azaltzeko, hasierako proiektuari aurkeztutako 22 alegazioen ebazpenaren ondoren. Alegazio horietatik 13 onartu dira osorik edo partzialki, besteak beste, PPk aurkeztutako guztiak.
Berrikuntza nagusien artean, azpimarratzekoa da alde zaharrean hotel berriak ezartzeko erregulazioan izandako aldaketa. Hasierako planteamenduaren arabera, hotel bat etxadi bakoitzeko, azken dokumentuak irizpide berri bat txertatzen du, guneen araberako kupoetan oinarritua. Horrela, auzoa hiru sektoretan banatuko da: iparraldea, erdialdea eta hegoaldea.
Pisu turistiko berriak jarri ahal izango dira?
Sistema berriak alde zaharreko eraikin osoetan 35 hotel berri ezartzeko gehieneko muga ezarriko du. Hori da lehendik zeudeneo gehi dakiekeen gehieneko kopurua, pentsioak, ostatuak eta aterpetxeak zenbatu gabe. Pisu turistikoei dagokienez, ezingo dira berriak jarri, tentsionatutako eremua baita.
Hotel berriei dagokienez, gehieneko eta gutxieneko tarteak ezarri ditu hiru sektoreetako bakoitzerako. Garcia Calvok azpimarratu duenez, banaketa sektorizatu horrekin "alde zaharrean bizi ahal izatea nahi dugu, eta, era berean, malgutasun handiagoa eman, jarduera ekonomikoa hobetu eta hiriko leku enblematiko horren dinamizazioa bultzatu".