Hondarribiko jaietan hiru eraso matxista gertatu direla salatu du Udalak, eta bi gizon atxilotu dituzte
Udalak indarkeria matxistaren adierazpen guztiak "irmo" gaitzetsi ditu. Bestalde, Ertzaintzak 21 eta 42 urteko bi gizon atxilotu ditu, sexu erasoa eta emakumeen aurkako indarkeria leporatuta, hurrenez hurren. Halaber, hirugarren gizon bat ikertzen ari dira.
Hondarribiko jaiak amaitu eta biharamunean, bart balantzea egin du Udalak eta festetan gertatutako indarkeria matxistako hiru kasuren berri eman du. Hiru eraso horietako biri lotuta, Ertzaintzak 21 urteko gizon bat atxilotu du sexu erasoa egitea leporatuta eta 42 urteko beste gizon bat, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak asteazken honetan baieztatu duenez.
Udalak hiru eraso matxistaren berri eman badu ere, oraingoz bi salaketa jaso ditu Ertzaintzak. Segurtasun Sailaren arabera, irailaren 10ean emakume batek jasandako sexu erasoari lotuta 21 urteko gizona atxilotu zuten pasa den larunbatean. Epailearen aurretik igaro ostean, karguekin aske utzi dute.
Ertzaintzak 42 urteko gizon bat atxilotu du, gainera, emakumeen aurkako indarkeria leporatuta.
Salaketa gehiago jaso ez duten arren, hirugarren gizon bat ikertzen ari dira.
Hondarribiko Udalaren "gaitzespen irmoa"
Indarkeria matxistaren adierazpen guztiak "irmo gaitzesten" dituela adierazi du Hondarribiko Udalak ohar batean, eta erantsiz du jai-giroak ezin duela inola ere justifikatu emakumeen aurkako indarkeriarik, jazarpenik ez bestelako jokabide matxistarik, eta bizitzako esparru guztietan dutela emakumeek askatasunez, segurtasunez eta beldurrik gabe bizitzeko eskubidea.
Halaber, Udalak elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna helarazi dizkie indarkeria horiek jasan dituzten emakumeei.