Gizon bat atxilotu dute Berriozarren, labanak eskuan hartuta bikotekide ohiarekiko urruntze agindua urratzeagatik
Bikotekide ohiari eraso egiten saiatu ondoren, garaje bateko segurtasun kamerak kendu eta emakumearen ibilgailuaren gurpilak zulatu zituen.
Atxilotuari konfiskatutako labanak. Argazkia: Foruzaingoa
Berriozarko Udaltzaingoak, Foruzaingoarekin batera egindako operazio batean, 53 urteko gizon bat atxilotu du, bikotekide ohiarengandik duen urruntze agindua haustea eta hari eraso egiten saiatzea leporatuta. Zehazki, kautelazko neurri bat urratzea eta kalteak eragitea leporatu diote.
Polizia operazio horretan, agenteek emakumea eta haren adin txikiko semea babestea eta laguntzea lortu zuten, Foruzaingoak ohar bidez jakinarazi duenez.
Aipaturiko gertakariak astelehenetik astearterako goizaldean gertatu ziren. Bizilagunek Udaltzaingoari deitu zioten, atxilotuaren etxetik oihuak eta mehatxuak entzuten zirela ohartaraziz. Adin txikikoa ere bertan zegoen. Agenteak etxebizitzara joan zirenerako, ordea, gizona ihes eginda zegoen.
Agenteek adin txikikoa erreskatatu eta amarekin batera herriko beste eraikin batera eraman zituzten.
Handik gutxira, ustezko erasotzailea bigarren eraikin horretara joan zen, eta garajetik sartzea lortu zuen.
Barruan zegoela, segurtasun kamerak kendu zituen, eta, sukaldeko hiru labana erabilita, bikotekide ohiaren ibilgailuaren gurpilak zulatu zituen.
Berriozarko udaltzainek garajean bertan atzeman zuten gizona.
Ondoren, atxilotua Foruzaingoaren bulegora eraman zuten, epailearen aurrera eraman aurretik.