Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Urak eraman zuen gizona, Olivellan, eta haren ibilgailutik 500 metrora aurkitu zuten. Babes Zibilak larrialdi jakinarazpena bidali zuen (Es-Alert) euri jasagatik. Levante-Athletic partida bertan behera utzi zuten.
Azken orduetan Katalunian eta Espainiako Estatuko ekialdeko beste toki batzuetan izandako euriteek gutxienez hildako bat utzi dute.
Larrialdi zerbitzuek gizon baten gorpua aurkitu dute ostegun goizaldean Olivellan (Bartzelonako Garraf eskualdea) bere ibilgailua zegoen tokitik 500 metrora, uholdeak eramanda, Kataluniako suhiltzaileek jakitera eman dutenaren arabera.
Generalitateko Babes Zibilak Es-Alert mezua bidali zuen 23:10 aldera Baix Llobregat, Mendebaldeko Valles, Garraf, Alt Penedes (Bartzelona) eta Baix Penedes (Tarragona) eskualdeetako telefono mugikorretara, ostegun goizaldeko ordu batera arte euri jasa handia botako zuelako.
Bat-bateko uholdeen arriskuaz ohartarazten zuen mezuak aholku hauek ematen zituen: joan-etorrietan kontu handiz ibiltzea, agintarien jarraibideak betetzea eta, arriskuan egonez gero, 112 telefonora deitzea.
21:30 inguruan, antzeko mezu bat bidali zuten Barcelones eta Maresme (Bartzelona) eskualdeetako sakelakoetara.
Valentzian ere euri zaparrada handiak izan dira, Valentzia hiriaren inguruan bereziki. Esaterako, metro koadroko 85 litro utzi ditu l'Elianan, 70 litro ordu erdian.
Eurite horiek arazoak eragin dituzte errepideetan eta garraio publikoan. Murtzian, eskolak bertan behera utzi dituzte eskualdeko 45 udalerrietatik 15etan, 15:00ak arte.
Valentzian, Levante UD eta Athletic Club taldeek asteazken honetan, 21:30ean, jokatu behar zuten partida, EA Sports 2026-2027 Ligako seigarren jardunaldiari zegokiona, bertan behera geratu zen, euri zaparrada handia botatzen hasi zen eta.