Kantauri itsasoak markak hautsi ditu euskal kostaldean, 26 °C baino gehiago harrapatu baititu
Adituek denbora daramate ohartarazten Kantauri itsasoa Mediterraneoaren antza hartzen ari dela, eta udako datuek ez dute zalantzarako tarterik uzten: euskal kostaldeko urek anomalia termiko handiak erregistratu dituzte, ohiko tenperaturak baino 3 °C altuagoak, batez beste 23,4 ºC harrapatu baitituzte.
Aurtengo udan euskal kostaldeko uretan bainatu denak nabarituko du itsasoa bereziki bero dagoela; ez dirudi Kantauri itsasoa, Mediterraneoa baizik. Izan ere, sasoi honetan, ekaina eta abuztua bitartean, itsas azaleko uraren tenperatura batez beste 23,4 ºC-koa izan da, azken hamarkadan ohikoa izan dena baino 1,7 gradu handiagoa.
Hala ere, egun batzuetan tenperaturak nabarmen gainditu ditu marka horiek, eta 26 ºC gainditzeraino iritsi da; Matxitxako lurmuturraren parean dagoen Estatuko Portuen buiak azken 10 urteetako tenperatura beroena erregistratu zuen abuztuaren 17an: 26,1 ºC. 2018ko uztailaren 14an 25,5 ºC harrapatu zituen urak inguru horretan, ordura arte inoiz bertan neurtutako tenperaturarik beroena.
Aurtengo erregistroek oraintsuko marka historiko guztiak gainditu dituzte, eta uztaila mugarria izan da, anomalia termikoa azken hamarkadako batezbestekoa baino 2,1°C altuagoa izan baita.
2026an, gainera, euskal kostaldeko uraren tenperatura ohi baino lehenago berotu da. Datuen arabera, maiatzean, batez besteko tenperatura 17,4 °C-ra igo zen (15,7 °C-koa izan zen 2017ko hilabete horretan), eta apirilean maximo absolutua 17 °C-ra iritsi zen.
Itsasoa ez da hozten
Uda honetan izan ditugun tenperaturak oso altuak izan dira: beroenetan lehenengoa 1970etik, gutxienez, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Eguzkiak asko berotu du itsasoa, eta ilunabarraren ostean urak ez du aukerarik izan hozteko ere: uraren tenperatura 23 ºC-tik gorakoa izan da udako gauen % 68tan, eta 9 gautan ez da 25 ºC-tik jaitsi.
Gaurik beroena abuztuaren 17ko goizaldekoa izan da: 00:00etatik 06:00etara, uraren tenperatura minimoa 25,5 ºC-koa izan zen.
Bero-boladak, itsasoan ere bai
Gure uretan erregistratutako tenperatura altu horiek ez dira fenomeno puntualak izan. Beroaldiek denboran iraun dute, eta, hala, uda honetan lurrean hiru bero-bolada izan ditugu (horiei maiatzekoa gehitu behar zaie), eta itsasoan, berriz, bi.
Lehen gertakaria 16 egunekoa izan zen (ekainaren 18tik uztailaren 3ra), intentsitate "moderatukoa", ohiko balioen gaineko 2,3 °C-ko batez besteko anomaliarekin. Baina itsasoaren tenperatura hamarkadako batezbestekoa baino 3 gradu beroagoa izan zen ekainaren 28an.
Bigarren beroaldia berehala etorri zen: bost egunera, itsasoa bigarren bero-bolada batean sartu zen, eta "larria" izan zen. 50 egun iraun zuen, uztailaren 9tik abuztuaren 27ra, eta 3 gradu inguruko anomaliak izan ziren zenbait egunetan.